Neguko eguraldi txarrak sortu ohi didan nagikeria gaindituta, joan den astean Blue Jasmine filma ikusi nuen Bilbon.
Ondo dakizuenez, Woody Allen zuzendariaren azken lanaz ari naiz, sari eta kritika ezin hobeak jaso dituen horretaz. Eta aitortu behar dut biziki gozatu nuela Brooklyngo zinemagileak eskainitako azken komediaz. Hala ere, aretoko argiak berriro piztu zire- nean, zeluloidezko magiak sortutako liluramendu goxotik ateratzeaz batera, tristura sentipen bat jabetu zen nitaz, eta zuzendari estatubatuarraren aurreko pelikula bat etorri zitzaidan gogora: Cassandra’s Dream (2007).
Eta zergatik gogoratu nuen film hori eta ez bere filmografa zabaleko beste edozein? Bada, euskarara bikoiztua dagoen bakarra delako hain zuzen ere. Berrogeita hirutik bat. Ez al da lotsagarria? Niri zilegi iruditzen zait zinea euskaraz ikusi nahi dugula aldarrikatzea, nahiz eta bikoizketa garesti samarra suertatu, horixe baita gure kulturan nabaritzen dudan hutsune handienetariko bat. Izan ere, euskaraz ez dugu zinema erreferentziarik bat ere. Pelikula baten aipamena egin beharrean aurkitzen garenean, gaztelaniazko titulura jo behar izaten dugu beti ezinbestez, denok gaztelaniara bikoiztuta ikusi dugulako. Zer esanik ez, ahotara ekartzen duguna elkarrizketa pasarte ezagunen bat denean. Bestalde, gaur egun asko hitz egiten da azpitituluei buruzko egokieraz, baina niri irtenbide hori trikimailu merkea iruditzen zait.
Diglosi egoera gainditzeko, euskaraz egindako flmak sortu behar ditugu aurrenik, eta albait gehien bikoiztu bigarrenik, eta gero gerokoak. Ametsa ote nirea?