Egunkariaren afera

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Iturregi 2014ko urr. 24a, 11:40

Bukatu da amesgaiztoa, bukatu da azken auzipetuen sufrikarioa eta bukatu da inoiz euskaldunoi egin diguten irainik lazgarrienetariko bat. Jakina denez, urriaren 14an Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Egunkariaren auzi ekonomikoa itxi zuen, Donostiako Zigor Epaitegiko epaile baten aurreko erabakia berretsita. Zorionak guztioi!

Poza da aurreneko sentsazioa, lasaitu ederra, gainetik zama handi bat kendu izan bagenu bezala. Baina bitartean hamaika urte igaro dira prozesua abiatu zenetik, eta zaila da gertaera guztien nondik-norakoen laburpena egitea. Hona hemen dena hitz bitan: 2003ko otsailaren 20ko polizia-operazio mingarria, atxiloketak, espetxeratzeak, tortura salaketak, mobilizazioak, absoluzioak eta aipatutako urriaren 14ko azken artxibatze zoriontsu hori.

Nik, jazoera zurrunbilo horretatik hiru oroitzapen hunkigarri gordetzen ditut bizi-bizi, Martzelo Otamendiren malkoak, barneraino sartu zitzaigun kultura-umezurztasun sentimendua, eta, azkenik, euskaltzaleok emandako erantzun paregabea. Garai hartako galera-sentipenaren tamaina hobeto uler dezazuen, kontatuko dizuet nola Euskaltegian Egunkariaren ale zahar guztiak artxibatzen hasi ginen, larri, aurrerantzean beste kazetarik izango ez genuelakoan.

Ulertzekoa denez, orain poza da nagusi. Baina erne. Amesgaiztoa bukatu bada ere, bidegabekeria ez da oraindik konpondu eta mehatxuak bere horretan dirau, zeren ederki baitakigu edozein makalaldi profitatuko dutela gure kultura eta hizkuntza berriro ere kolokan jartzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide