Plastiko beltzaren atzean

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Iturregi 2015ko ira. 1a, 00:00

Irailak bi berri esanguratsu ekarri dizkigu, zein bere mailan onarpenik ezarekin eta besteekiko ezaxolarekin zerikusia dutenak. Lehenengoa hurbil samarretik heldu zaigu, Hondarribitik, hain zuzen ere; eta bigarrena, berriz, Mediterraneoko kostaldeetatik.

Azken urteotan, irailaren 8an, gorago aipatu dudan Gipuzkoako udalerri horretan, Jaizkibel konpainia Kale Nagusitik pasatzen denean, plastiko beltz bat zabaltzeko ohitura hartu dute bertako zenbait herritarrek, alarde parekidearekiko desadostasuna erakusteko. Niri ikono triste bilakatu den irudi hori oso gogorra egiten zait, iraingarria eta duintasunaren kontrakoa, herrikideen arteko begirune falta eta ezinikusi izugarria erakusten baitu. Hor daukagu denborarekin usteltzen ari den gatazka bat, eta herri agintariak ez dira errugabeak, ez baitute ahalegin handirik egin egoera bideratzeko, Emakunderen aholkuak gorabehera.

Beste albiste tamalgarria, berriz, Europako hego-ekialdeko itsasertzetatik iristen zaigu gero eta maizago, egia esan, ez dago egunik biktimarik gabe igarotzen denik. Siriar errefuxiatuena XXI. mendearen hasierako tragediarik lazgarrienetako bat da, zalantzarik gabe. Eta hor Europako Batasuneko gobernuen itsukeria handia ageri da, baita herritar xumeon ezaxola ere. Ematen du geuk ere plastiko beltz erraldoi baten atzean ezkutatu nahi dugula geure burua, gure kontinentearen atarian bertan gertatzen ari den izugarrikeria ez ikustearren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide