Hamaika partida dibertigarri

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Iturregi 2016ko urt. 22a, 00:00

Bideo-jokoekin izandako nire lehenengo esperientzia 70ko hamarkadatik dator. Garai hartan, tramankulu berri batzuk agertu ziren herriko tabernetan. Telebista azpian jarri ohi zituzten edo libre geratzen zen txokoren batean, Jukebox-aren edo makina elektromekanikoen ondoan. Eta, hasiera hartan, modernitatearen aitzindari haiek nahiko tankera eskasekoak ziren, “pinball” makinen distira koloretsutik oso urrun. Hortaz, ez zuen ematen aparatu zaharrei lekua kenduko zietenik. Baina oker geunden. Gogoan dudan lehenengo jokoak ping-pong itxura zuen: pantaila beltzarekin kontrastean marra bertikal bat, bi paleta antzeko eta derrigorreko markagailua, alde bietako tantoak erakusteko.

Ezin da gauza xumeagorik asmatu, eta, hala ere, oso arrakastatsua izan zen. Zenbat ogerleko ez ote ditugu gastatu horrelakoetan!

Erlojua azkar dabil paradisu birtualetan, eta aldaketa asko ikusi genituen denbora laburrean: “martetarren” jokotik, PacMan-era pasatu ginen, eta Tetris-etik Mario Brossen abenturetara. Hain ziren erakargarriak, ezen bazirudien deika ari zitzaizkigula pantaila ilunetatik. Baina tentazioari eutsi ahal izan nion hurrengo bi hamarkadetan.XXI. mendearen hasieran, ordea, etxeko kontsolak eta ordenagailu pertsonalak ugaritu ahala, berriro harrapatu ninduen jokorako grinak, eta, nire semea koskortu zenerako, erabat zaletu nintzen. Dagoeneko denetarik probatu dut, eta ez dut batere damu haiekin aritu izanaz.

Mila esker joko sortzaile guztioi, bizitza alaitu diguzue eta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide