Neurrian, kalterik ez

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Iturregi 2016ko api. 17a, 00:00

Aurreko astean Metrokoadroka kolektiboak aurkezturiko “Nola belztu behar zuria” izeneko obra ikusteko parada izan genuen Laudioko LHUIko areto berriztatuan. Poesia eta musika uztartzen zuen ikuskizuna zen, eta aitortu behar dizuet kasualitatez jo nuela bertara, oso berandura arte ez bainuen izan emanaldiaren berri.

Antzokian ez ginen bildu ikus-entzule asko: hiru dozena eskas edo, eta, egia esan, denok uzkur samar agertu ginen, eskaintzen ziguten formatua ez ohikoa eta esperimental samarra baitzen. Baina, behin ikuskizuna aurrera abiatuta, berehala hasi zitzaizkigun errezitatzaileen ahots ozenak belarriak eta kontzientziak gogor mailukatzen txalapartarien erritmo bizian, eta miraria egin zen, konturatzerako Joxean Artzeren poesia gardenenean murgilduak ginen, harri-bola pisuak errekako ur freskoetan bezala.

Sakontasun lirikoaz aparte,  azpimarratzekoa  iruditu zitzaidan  bi aktoreen deklamazio-lana  eta  lortutako ahotsen kontrapuntua. Dagoeneko aste bat joan den arren, belarrietan dut oraindik haien errepiken durundi goxoa. Pena bat dut ordea,  lehengo eguneko saio paregabea galdu zenutenok egokiera gutxi izango duzue  lanaz bertatik bertara gozatzeko, izan ere, azken aukeretako bat izan omen zen Laudiokoa. Dena dela, zuen kontsolamendurako esango dizuet emanaldiaren oinarri diren Artzeren azken bi liburuak, “Heriotzaren ataria dugu bizitza” eta “Bizitzaren atea dukegu heriotza”, liburu-dendetan dituzuela eskuragai. Eta lasai, irakurri beldur barik, poesia dosi txikietan ez da kaltegarria eta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide