Gaur goizean, interneteko berriak irakurri ondoren, sare sozial batera sartzera nindoala, nire betiko pasahitzak huts egin didala ohartu naiz. Hasiera batean “ez da posible”, pentsatu dut, “orain arte beti txintxo-txintxo etorri da hitzordu guztietara”. Eta, inongo mesfidantzarik gabe, hainbat orduz, zain egon natzaio baikor eta itxaropentsu. Alferrik ordea, oraingo honetan benetan huts egin dit, nahita gainera. Antza denez, ez du nire memoriara itzuli nahi, ahanzturaren beso goxoetan nahiago. Eta horrek ikaragarri mindu nau, jadanik ez baitakit zer egin bera gabe. Hemendik aurrera ezin izango naiz hainbat leku dibertigarritan sartu. Asperdurak itoko nau.
Dagoeneko, pasahitza nola edo hala berreskuratzea pentsatu dut, noski. Hala ere, horretarako ez dago nik behar dudan konponbiderik. Pasahitza zuri ahaztu bazaizu, ondo; bestela, hau da, ahaztua zeu bazara, ez daukazu zer eginik.
Lagunek ez kezkatzeko esaten didate, nolabait animatzearren, teknologia aroan bazter guztiak pasahitz politez beteta daudela. Gainera, erabili eta bota egin ahal direla inongo gupidarik gabe. Baina haiek ez dute benetako maitasunean sinesten, ez dira konturatzen zenbat ahalegin egin ditudan nik nire pasahitzak borobiltzen, karaktere-kate trinko, sendo eta asmaezin bilakatzen.
Argi dago, pasahitz bakarreko gizona naiz, eta, behin bera ezagututa, ezin dut beste edozein maite, ezta nahi ere.