Duela bi aste, Txalo antzerki konpainiak Jainko basatia antzezlana estreinatu zuen Durangoko San Agustin Kultur Gunean. Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean, Andoni Agirregomezkorta, Tessa Andonegi, Aitziber Garmendia eta Mikel Losada aktoreek profesionaltasun handiz antzeztu zuten Yasmina Reza idazle frantziar ospetsuak sorturiko testu bikaina.
Komedia dramatiko honetan, senar-emazte bikote bi elkartu egiten dira euren umeek izandako liskar bat konpontzeko asmotan, antza, batak bestea makil batekin jo baitu. Hasiera batean dena da gizalegea eta manera zibilizatuak gurasoen artean, baina, solasaldia aurrera joan ahala, laster agertuko dira portaera hipokriten azpian ezkutatu ohi diren mota guztietako miseriak eta frustrazioak. Oraingo honetan ere, egileak abiapuntu xume bat baliatzen du gure gizarteari kritika zorrotza egiteko.
Niri duela urte batzuk Amurrioko Antzokian ikusi genuen Yasminaren beste obra bat ekarri dit gogora: Artea. Gogoan duzue? Lan bikaina iruditu zitzaidan hura ere, euskaraz inoiz ikusi dudan antzezlanik borobilena ez esatearren, bai testuaren kalitatearen aldetik, baita interpretazio aldetik ere.
Beti ez dugu izaten horrelako antzezlan modernoak ikusteko egokierarik. Beraz, gurera hurbiltzen denean, ez galdu aukera.