Pasaden larunbatean, urriaren 10ean, Atxondoko herrian Anbotoko kilometro bertikalaren zortzigarren edizioa ospatu egin zen. 3,8 kilometro eta 1098ko desnibel positiboa duen lasterketa honen helmuga Anbotoko tontorrean kokatu egiten da 1331 metroko altueran. Bere gogortasunaz aparte aipatzekoa da ibilbide osoan zehar dagoen ikuslego kopurua, urtez urte handitzen doala. Horrela, lasterketa parte hartzaileentzat oraindik ere erakargarriagoa bilakatuz. Beraz, ez da harritzekoa azkenengo urte hauetan lasterketa hau Euskal Herri mailan erreferente bilakatzea eta korrikalari askoren egutegitan gorriz markatuta egotea. Hori gutxi balitz, azkenengo urteetan Euskal Herriko kilometro bertikalen zirkuituaren parte bilakatu egin da.
Atxondoko Arrazola auzoko eliza ondoan batu egin ziren Euskal Herritik zein atzerritik etorritako 260 bat parte hartzaile, horien artean maila handiko kirolariak aurkitzen zirelarik eta garaipena lortzeko borrokatzeko irrikitan.
Sailkapenari dagokionez ez zen sorpresa handirik egon, gizonezkotan Aitor Osa gailendu egin zen nagusitasun osoz, 38:47ko denbora eginez, errekorretik minutu bakar batera geratuz. Bere atzetik Oier Ariznabarreta (40:38) eta Imanol Goñi (41:10) sailkatu egin ziren lan oso txukuna egin ondoren. Emakumezkotan aldiz, Ohiana Kortazar izan zen nagusi 48:16ko denbora egin ondoren eta Vanesa Ortega, Aitziber Ibarbia, Montserrat Vazquez edo Nahia Quincoces bezalako korrikalari paregabeak atzean utziz, besteak beste
Horrez gain, nabarmentzekoa da Aiaraldetik 20 parte hartzailetik gora hurbildu zirela lasterketan parte hartzera. Argi dago, mendi lasterketen mundua aiaraldearren artean zabaltzen doala gero eta zaletu gehiago bereganatuz.
Bukatzeko, komentatu behar da 2015eko Euskal Herriko bertikalen zirkuitua ez dela hemen bukatzen eta hurrengo geltokia Araian ospatzen den kilometro bertikala dela.