Legealdiari hilabete gutxi geratzen zaizkio eta atzera begiratuta 2022ak emandakoa kezkaz eta arduraz ikusten dut. Orozkoko Udalak herritarren beharrei erantzuteko gaitasuna galdu du. Horren adibide argiena, duela urteak egiten ez diren konponketen eta Udal Gobernuaren utzikeriaren ondorioz, Orozkoko eskolak bizi duen egoera dugu. Planteatzen diren eta beharrezkoak diren inbertsioak ez dira aurrera eramaten. Horregatik, Orozkoko Udalak, inoiz izan duen soberakin handiena izan du aurten.
EH Bilduko kideok argi dugu gauzak egiteko beste modu bat inoiz baino beharrezkoagoa dela, eta gu hori posible egitera goaz. Esperantzaz ikusten ditut datozen hilabete eta urteak. Herritarrak entzuten dituen, orozkoarren beharrak erdigunean jartzen dituen eta aldaketa posible egingo duen proiektu bat martxan jartzeko prest gaude. Duela gutxi, Ongizate Hitzarmena konpartitu genuen orozkoarrekin. Politika zaharrek ez dute balio gaur egungo erronkei aurre egiteko eta guk badaukagu krisi ekonomikoari aurre egiteko eta gizarte sektore ahulenak defendatzeko proposamena.
Orozkoarren hitza kontuan hartzen ez duen eta atea itxita duen Udal bat bilakatu da gurea. Baina honen aurrean, herritarrekin eta herritarrentzat lan egitera goaz, kolektiboki eta elkarrekin.