Urtarrilaren 8an bandalismo eta terrorismo eszenak bizi izan zituen Brasilek, bolsonaristen ekintzen ondorioz. Ekintza horiek Bolsonaroren gobernuak 4 urteetan barreiatutako gorrotoaren ondorio izan ziren. Hauteskundeak hasi zirenetik ikus zitekeen Bolsonaroren jarraitzaileen asmoak emaitzen aurka. Izan ere, ordutik kaleetan, errepideetan eta sare sozialetan egin dituzte manifestazioak.
Estatu kolpe saiakera sare sozialetan sortu zuten taldeek, eta bolsonaristek koordinatu eta finantzatu dute. Azpimarratu beharra dago bandalo horiek Brasiliako agintarien babes osoa izan zutela, beren zeregin instituzionalari muzin eginez. Polizia otzan, jakitun eta ekintzailea izan zen erakundeen aurkako erasoan.
Presidente ohiak sekta estremista bat sortu zuen Brasilen, kristau faltsuak, militar milizianoak, zuri aberats eta arrazista eta ezjakin gizajoak bilduz. "Gaizkile ona gaizkile hila" esaldia haizatu izan dute, baina orain eurak dira gaizkileak eta kartzelan daudenak gutxieneko eskubideen eske. Bolsonarok ez zuen jakin hauteskundeak galtzen, eta erakunde demokratikoei erasotzen jarraitzen du; porrot egin du, botere-proiektu pertsonala du, eta ziur nago ez duela gure herria ordezkatzen.
Brasildar gisa hemen uzten dut nire gaitzespena, errebindikaziorik ez duten eta demokrazia baloratzeko diktadurari buruz irakurri beharko luketen muturreko taldeen indarkeriazko ekintzei. Espero dut parte hartu duten guztiek beren ekintzengatik ordaintzea, Alexandre de Moraesek eta Lulak irmo jarraitzea eta errudun guztiak atxilotzea. Amnistiarik ez terroristentzat!