IRITZIA

Alkate, etor hadi Arrañora bizitzera, oso osasungarria da

Erabiltzailearen aurpegia Ricardo Ania 2022ko uzt. 29a, 12:58

Alkate jaun agurgarria:

Baliagarria izan bedi gutun hau Laudioko auzo txiki eta apal baten bertuteak goraipatzeko: Arrañorenak. Dakizunez, gure herriko Zumalakarregi etorbidearen ezkerraldean (edo eskuinaldean, begiratzen duzun tokiaren arabera) gaude. Muino eder honetara igotzea gomendatzen dizut. Bertatik, administratzen duzun herri osoaren ikuspegi paregabeez gozatu ahal izango duzu. Igoerak ez du esfortzu handirik eskatzen, baldin eta puntualki egiten baduzu. Egunero igotzea, erosketarekin, haurrak lepoan hartuta, haurdun egonda edo laurogei urte bizkarrean izanda (hori da auzokide gehienen kasua), aldiz, nolabaiteko arriskua dakar.
 
Oso auzo abegikorra da, gehien-gehienok elkar ezagutzen dugu eta babesa ematen diogu elkarri. Gaur, adibidez, zenbait bizilagunek San Rokeko aldapan erori den gizon bati lagundu diogu. Aldapa bat igotzen ari zen (nagusia den arren), auzora igotzeko baliatzen duen igogailuak BEDERATZI HILABETE daramatzalako izorratuta. 

Laguntza emateko sortu den dispositiboa hain handia izan da, sinestea kostatu izan zaidala: Ertzaintzaren bi auto, Udaltzaingoaren hiru patruila eta anbulantzia bat. Auzo honetako bizilagunak ere ez ginen falta (bertara bizitzera etortzea gomendatzen dut), gure auzokideari laguntzen lehenak izan baikara.

Laster hasi dira ohiko taldeak sortzen eta, gure iritziak partekatuz, istripuaren balizko errudunak bilatzen hasi gara. Lehen susmagarriak (sarkastokiko hitz eginda) Latiorro auzoko biztanleak izan dira. Ziurrenik, euren igogailua matxuratu izan balitz, ez zuketen BEDERATZI HILABETE (edo gehiago) itxarongo konponduta edukitzeko. Kontrara, Arrañoko biztanleria urria eta zaharkituak da, eta baliteke horregatik ez izatea horren garrantzitsuak. 

Gure susmoak, orduan, igogailuaren mantentze-lanez arduratzen den konpainiara bideratu ditugu, baina konponketa honekin hainbeste tira-bira izan ostean, ulertzen dugu jada ez dela enpresaren eskumena; eta, horregatik, berehala kargugabetu dugu balizko erantzunkizunengatik. 

Azkenik, herri honetako Batzorde Administratzaileari errua botatzea pentsatu dugu, bertako biztanle guztien (Arraño barne) zerbitzura gobernatzen eta kudeatzen baitu, eta zu horren erantzule baitzara, agintaldia indarrean egon den lau urteetan behintzat. Berehala baztertu dugu, Aiaraldeko udalerri nagusia ‘Euskal Herriko Itsaso Txikia’ bihurtuko lukeen proiektu handi horrekin diru-kutxa publikoak loditzearekin nahikoa lan duzulako. Ondo dakizunez, komunikazio zaileko auzoa gara, sarbide bakarra geratzen zaigu (igogailuaren faltan). Baliteke zure eraikitzeko grinak (garai batetik hona obrak daude nonahi) zailtasun hori asfaltoz eta hobetuz konpontzen saiatzea, baina, hala egitea erabakitzen baduzu, nola igoko gara orduan gure etxeetara? Igogailuan ez behintzat.

Zure arreta eskertuz, eta egunen batean gure auzotik ikusiko zaitugulakoan (auskalo, agian baliabide mekanikoen bidez ere igo ahalko zinateke), agurtzen zaitut.

Arrañoko bizilagun bat. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide