KRONIKA: Parkearen alde mugitzen

 

Urduritasunek, ilusioek, gainezka egin duten indarrek hartu zuten maiatzaren 31ko igandean Aldai Plaza. Hamasei izan ziren euren lanak aurkeztu zituzten taldeak, horietako bat lehiaketatik kanpo, Laudioko Koreografia Erakustaldiaren lehen edizioan.

Txalo, barre eta negarren baten artean Txitxarritak, ospakizunetako irakasle-pailazoak, parte hartzaileei eta ilusioaren konplize ziren ikusleei zuzentzen zitzaien. Lagun, senide eta auzokideek bete zuten karpa, laguntasun eta umore onez betetako giro batean.

Epaimahaiaren lana ez zen erraza izan. Horregatik, Txanik, Markelek, Koldok, Pekek eta Haizeak irabazlea hautatzen zuten bitartean, flamenko irakaslea den Luziak bere arte eta indarraz gozarazi zigun, diskodantzaren kamioiaren gainean.

Eta iritsi zen unea, erabakia. Talde irabazlea: Unknows, hiru neskek osatzen zuten: Ane Mirenek, Cheyennek eta Rakelek. Izugarrizko indarra zeukaten hiru “hiphopera”. Erritmoz betetako dantza bat egin zuten, talde-koordinazio handiarekin eta mugimendu garbi eta zuzenak baliatuz. Makillajeak euren aurpegien espresioa areagotu egiten zuen, indarrez betetako keinuekin.

Gozamena.

SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformatik erakustaldira aurkeztu diren pertsona guztiei eman nahi dizkiegu eskerrak, lan guztietan jarri dituzten indar eta gogoengatik. Badakigu adin ezberdintasuna nabaria izan dela, baina egiten goazen heinean ikasten dugu. Ezer ez egitea da ezereza.
Bigarren edizioan kategoriak konpentsatuagoak egotea espero dugu. Denon artean pentsatuko dugu horretan, berdintasun gehiago lortzeari begira.

Zorionak Rakel, Cheyenne eta Ane Mireni merezita jaso duten sariagatik (Berlinera bidaia, hotel egonaldiarekin eta ikuskizun bat ikusteko sarrera batekin).

Lerro hauek aprobetxatu nahi ditugu gogorarazteko irailaren 12an zita bat dugula guk guztiok: “Atera zure artea parkera”. Egun hori erreserbatzera eta edozein ekintza kultural prestatzera animatu nahi zaituztegu.

Izan ditugun kolaborazio guztiek egin dute posible erakustaldia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide