(Argazkilaria elurretan. Irudia // Jesús Rodríguez Fernández)
Neguko elurteek gure paisaia ezagunak edertzen dituzte, eta manta zuri berriak ezezagun bihurtzen ditu zenbaitetan. Horrelakoetan postal ederra argazkien memorian gordetzen ahalegintzen gara, eta kalera ateratzen gara hotz eta nagiari aurre eginda.
Elur paisaiak argazkitan jasotzea baina, ez da horren erreza, eta beste urtaro batzuetan baino ahalegin handiagoa eskatzen dio argazkilariari. Hona hemen elurra erretratuetan jasotzeko zenbait gomendio soil, baliagarri izango zaizkizuelakoan.
Esposizioa handitu
Elurrak badu gure argazki kamarako fotometroa engainatzeko joera, eta horregatik askotan elurretan egindako argazkiak ilun samarrak ateratzen dira. Beraz, komeni da ohikoan baino pare bat puntu gehiagoko esposizioa erabiltzea, eta beharrezkoa balitz, argazkia editatzerakoan, argitasuna igotzea.
Hamaika dira elurteek uzten dituzten paisaia ederrak, eta askotan neguko paisaia orokorrak erretratatzeko ahaleginean galtzen gara, paisaia horiek uzten dizkiguten detaile txiki zoragarriei jaramonik egin gabe. Gomendio bat, egin kasu gauza txiki horiei eta zure kamerarekin jaso itzazu.
Egunsentiak eta ilunabarrak
Gomendio orokorra da hau, eguneko argirik ederrenak egunsenti eta ilunabarretan aurkituko ditugu; izan uda, udaberria, udazkena edo negua. Egunaren lehen argi printzek paisaia laranja kolorez tindatzen dutenean paisaia berriak sortzen dira, eta hantxe egon behar gara gu, gure kamerarekin jasotzeko prest. Kendu itzazu nagiak gainetik eta goiz jaiki zaitez ohetik, ikusiko duzu nola ez zaizun damutuko. Arratsaldean gainera -siesta egiteko baterako aukera izanik hobe- argi ederraren bila aterako ahal izango gara berriz.
Egun lainotuak
Ez ditzagun gutxietsi. Askok uste dute argazkiak egiteko unerik aproposena eguzki beteko egunak direla, baina zailtasunak ere sortzen ditu. Eguerdietan adibidez, argi eta itzal gogorrak sortzen dira eta lehenago aipatutako detaile txikien xerka bazabiltza, hodeiak lagun izango dituzu, argi lauso eta uniformea eskainiko baitizute.
Ordezko bateriak
Neguan bateriak beste edozein sasoitan baino lehenago agortzen dira; hotzak kontsumitzen ditu, guk erabili edo ez euren energia azkarrago ahitzen doa. Horregatik beti ordezko bateriekin ateratzea komeni da, eta ordezko bateria horiek gure gorputzetik ahal bezain gertu eramatea -berokiaren poltsikoren batean adibidez- hotzetik urrunduz energia hobe mantendu dezaten.
Babestuta atera
Logikoa. Hotzak bazaude, zure burmuina ere motelago arituko da argazki-konposaketa eder batean pentsatzeko, eta etxera itzuli nahi izango duzu hotzetik babestera. Argazkitarako denbora tarte gutxiago izango duzu hortaz. Jantzi itzazu behar beste tipula-kapa, txanoa, eskularruak, beste eskularru batzuk gainetik beharrezkoa bada, eta nola ez, bota eta galtzerdi potolo batzuk.
Eta azken gomendioa, argazkitara ateratzean eraman itzazu zurekin fruitu-lehor batzuk edo elikagai txikiren bat. Bateriak bezala, gure gorputzek ere energia galtzen duten hotzetan, eta gorputzari gasolina apur bat ematea estimatuko dugu.
Hauek zenbait gomendio, baina irakurleak ere izango ditu bereak, ez?