Badago mapetan ikusten ez den eta bizitza osoak baldintzatzen dituen muga bat: sofan eserita iritzia eman dezakeenaren eta aste honetan norbait lurperatu behar izan duenaren arteko muga.
Batzuek Ceutakoa “inbasioa” edo “erakartze-efektua” den eztabaidatzen duten bitartean, lur jota geratu diren familiak daude. Seme bat, anaia bat, ama bat galdu duten pertsonak, itsasoan edo harrien kontra, salbatuko zituela uste zuten lurretik metro gutxira. Hau ez da titular bateko zifra bat edo partekatu eta bost minutura ahaztua izango den bideo bat. Tragedia bat da, eta izen-abizenak ditu, gehienok zeintzuk diren ez dakigun arren.
Muga bat ez da bere kabuz ireki eta ixten: komeni denean irekitzen da, komeni zaionari agintzen duenean, eta bere eginkizuna bete bezain azkar ixten da berriro.
Hau ez da migrazio-krisi bat. Krisi humanitario eta politikoa da, non gobernuek etsituta dauden pertsonak baliatzen dituzten elkarri presioa egiteko munizio gisa. Noizbehinka pentsatzen dut pertsona-trafikatzaile handienak ez direla mafiak, baizik eta Estatuak, pertsonen bizitzekin jokatzen baitute nor bere mesederako. Baina egiatan gehien amorratzen nauena beste zerbait da: honen guztiaren atzean dagoen klasismoa, ia inork aipatzen ez duena.
Izan ere, nazioarteko politikan ezer gutxi gertatzen da kasualitatez, eta are gutxiago honelako sinkroniaz. Muga bat ez da bere kabuz ireki eta ixten: komeni denean irekitzen da, komeni zaionari agintzen duenean, eta bere eginkizuna bete bezain azkar ixten da berriro. Muga honen beraren historia hurbilak duela urte gutxi erakutsi zigun diplomazia-keinu deseroso bat muturreraino bultzatutako jende-oldeekin ordain daitekeela, eta bat-bateko “krisi” bakoitzaren atzean ikusten ez dugun negoziazio bat egon ohi dela, irabazteko gutxien eta galtzeko gehien dutenen bizkar.
Rabatetik, gainera, heldu da dagoeneko azalpen ofiziala: errua, diotenez, Espainiako Auzitegi Gorenaren epai batena da, itsasotik heldutakoak mugan bertan itzularaztea eragozten duena, horrek muga kontrolpean mantentzen zuen "disuasio-elementua" desaktibatuko lukeelako. Errelato erosoa da, ia dotorea bere logikan, eta gainera edozein ardura kentzen dio muga hori bestaldetik kudeatzen duenari. Baina analisirik azalekoena eginda ere desmuntatzen da azalpen hori: egun batzuk lehenago emandako ezein epaik ez du ahalmenik egun batetik bestera milaka pertsona mobilizatzeko. Aitzakia eta arrazoia nahastea, beste behin ere, oso modu erosoa da benetan axola duenari buruz ez hitz egiteko.
Eskatzen ari naizen bakarra da utz diezagula titularrei buruz eztabaidatzeari eta has gaitezela hitz egiten benetan axola duen horretaz: baudela benetako tragedia baten ondorioz suntsitutako famiiliak.
Eta kantzilertzen artean kontuak ateratzen dituzten bitartean, mundu erdiko eskuin muturrak Ceutan aurkitu du titular perfektua. Washingtonen, Trumpen gertuko ahotsek "Mendebaldearen inbasioaz" hitz egiteko erabili dituzte irudiak; Erroman, Melonik presioa egin du Espainia Schengenetik kanpo uzteko; Europako Parlamentuan, PPEko buruzagiek "erakartze- efektuaz" hitz egin dute, are, gertaeren berri izan baino lehen. Hemen, Abascalek esan du "guztiak kanporatu behar direla", eta bere alderdiak muga militarizatzea eskatu du, datorrena datorrela. Ez da kasualitatea denek diskurtso bera aldi berean finkatzea: giza tragedia, askorentzat, pasatzen uzteko asmorik ez zuten abagune politiko bihurtu da.
Izan ere, hau, funtsean, mugaz mozorrotutako klase kontu bat baino ez da. Europar Batasuneko pasaporte gorriarekin jaiotzen den gazte batek amesteko eskubidea du. Bizimodua aldatu dezake, bidaiatu, beste herrialde batera joan bizitzera, ia oztoporik gabe, jaio zen lekuan jaio izanagatik, besterik ez. Aljerian, Marokon, Senegalen edo “bigarren mailako” beste edozein herrialdetan jaiotako neska-mutil batek ez du eskubide hori bera: mugek debekatzen diote, eta horiekin batera debekatzen zaio ere bizitzea egokitu zaion zapalkuntzaz, zaurgarritasunaz eta pobreziaz harago begiratu ahal izatea. Zein da gazte baten eta bestearen arteko desberdintasuna? Dokumentu baten kolorea, besterik ez. Hazteko, amesteko, aurrera egiteko gogoa berbera da. Aldatzen den gauza bakarra jaiotzean egokitzen zaizun pasaportea da, kolore horrek erabakitzen du, inork beste ezer egin aurretik, nork duen etorkizun bat izateko eskubidea eta nork ez. Hori ez da mugaren kudeaketa. Hori bidegabekeria hutsa da, eskala planetarioan.
Orain normala iruditzen zaigu giza duintasunaz aho txikiarekin hitz egin behar izatea, gertakariek egunero-egunero erakusten dutenean bizitza batzuek besteek baino gutxiago balio dutela.
Eta bitartean, zertaz ari gara gu hitz egiten? Titularrei buruz.Telebistan edo sareetan ikusitako 30 segunduko bideoez, testuingururik gabe, memoriarik gabe, gure buruei inoiz galdetu gabe nola heldu garen egoera honetara zeinetan milaka pertsonak haien bizitzak jokoan jartzen dituzten gaueko ordu txikitan harkaitz bat eskalatzen. Medioek badute ardura zati handi bat: azaldu beharrean, morboa eta beldurra elikatzen dute; testuingurua eman beharrean, harritzen duten irudiak eta izutzen duten titularrak zabaltzen dituzte.
Gure buruei gezurra esateari utzi beharko genioke. “Harrera-politikak” saltzen dizkigute baina euste-politikak dira: hesi altuagoak, kontzertina gehiago, akordio gehiago ihes egiten duena geldiarazteko lan-zikina egingo duten hirugarren herrialdeekin, zentro gehiago paperik ez izate hutsagatik pertsonak sartzeko. Giza eskubideez hitz egiten digute diskurtso bakoitzean eta Europako goi-bilera bakoitzean, praktikan bata bestearen atzetik murrizten diren bitartean: asiloa eskatzeko eskubidea, leku arriskutsu batera itzularazia ez izateko eskubidea, are, bizirik iristen uzteko eskubidea ere. Gezur hori hainbeste errepikatu dugu, ezen azkenean sinistu egin baitugu, eta orain normala iruditzen zaigu giza duintasunaz aho txikiarekin hitz egin behar izatea, gertakariek egunero-egunero erakusten dutenean bizitza batzuek besteek baino gutxiago balio dutela.
Ez naiz esaten ari muga bat kudeatzea ez denik konplexua. Eskatzen ari naizen bakarra da utz diezagula titularrei buruz eztabaidatzeari eta has gaitezela hitz egiten benetan axola duen horretaz: baudela benetako tragedia baten ondorioz suntsitutako famiiliak, min horrek ez duela gutxiago balio kanpotik datorrelako, eta zifra bakoitzaren atzean, izan Ceutan edo munduko beste edozein txokotan, besteok bezainbeste aukera merezi zituen bizitza bat dagoela.
Arrazakeria eta islamofobia ez dira iritziak: zauriak dira. Gizarte gisa erabaki behar dugu horiek zabalik utzi ala sendatzen hasi nahi ditugun.
Gizakiok berezkoa dugu beldurra. Gorrotoa eraikia da.