Urtero bezala, ikasle askorentzat heldu da praktikak hasteko ordua. Praktikak lan munduarekin lehenengo harremanak izateko aukera dira, esperientzia irabazteko “modurik egokiena”. Enpresek lan mundura sartzeko posibilitatea bermatzen digute, baina zeren truk? Horra hor gakoa!
Esan bezala, praktikek enpresa batean lan egiteko aukera ematen digute, beste langile bat izango bagina bezala, baina errealitate gordina ez da hori. Alde batetik, ez gaude gure lankideen maila berean. Hau da, gure esperientziaren beharraz aprobetxatzen dira, eta beraiek egin nahi ez dituzten lanak laga ohi dizkigute. Are gehiago, gehienetan ez dituzte gure iritziak eta proposamenak kontuan hartzen; eta, azkenean, haien txotxongiloak bihurtzen gara, nahi dituzten erara mugitzen dituzten ahotsik gabeko panpinak. Bestalde, oso garrantzitsua da kontuan hartzea praktikek irauten duten bitartean ikasleok langileek adina ordu sartzen ditugula enpresan, baina kobratu gabe. Hau da, praktikak egitean, bigarren maila batean jokatzen dugu, enpresak nahi duen erara erabiltzen gaitu, etorkizunean izan nahi dituen langileak sortzen ditu haien gustuko formakuntza inposatuz, eta ez dizkigu beste langile guztiek dituzten eskubideak bermatzen, ez dagoelako lan harremanik.
Hau guztia horrela izanik, praktikak egitea derrigorrezkoa da zikloa gainditzeko eta horregatik askotan, praktikak onak ala txarrak izan arren, isilik egiten ditugu, gure ikasketak amaituko ez ditugunaren beldurrez. Askotan ez dugu txintik ere esan nahi gure etorkizuna jokoan dugulako; eta, gizartean maiz gertatzen den bezala, ematen digutenarekin aurrera egiten dugu, gustatzen ez bazaigu ere.