HPT: "Hezkuntzan aldaketarako garaia da. Norabidea? Erabakia gurea!"

Erabiltzailearen aurpegia Samu 2015ko abu. 21a, 17:55

Pasatutako ikasturtea gogorra eta neketsua izan bada ere, ez dira gutxi izan hezkuntza komunitatea eta gizarte osoaren lanarekin lortutakoak. Ez bakarrik kuantitatiboki, egindako ekimen guztiengatik, ez zirela gutxi izan, baizik eta hezkuntza komunitateak argi erakutsi duen heldutasun eta arduragatik. Ez gaude prest aho batez edozer gauza onartzeko. Are gutxiago ere, hezkuntza sistemari erabat kalte egiten dioen lege atzerakoiari men egiteko. Ezbaian da hezkuntza sistema bere osotasunean; gure hezkuntza sistema propioaren bidean benetako urratsak egiteko, ausardiaz erantzuteko garaia da.

2014ko irailean, Wert Jaunari eskerrak eman genizkion, zer-nolako hezkuntza nahi dugun hain garbi uzteagatik. Azken 40 urteotan herri honetan egindako urratsei jarraituz, eta bide horretan inposaturiko lege arrotz honi familia, ikasle, irakasle eta oro har herritarrak, aurre egingo geniola adierazi genuen.

Eta horrela izan da. Lege honen berri izan genuenetik, gure mezua ikastetxe, auzo zein herri ezberdinetara zabaldu da. Oztopoz beteriko bidea izan bada ere, argi dugu gurea zer izan behar den. Bide horretan LOMCEren aplikazioa ezartzeko tanta bakoitzari, koloretako aterkia ireki diogu.

Iazko irailean zaila zen jakitea nola bukatuko zen ikasturtea; informazio falta eta mezu kontrajarriak nagusitu ziren. Horrekin batera, hezkuntza komunitatearen segurtasunik eza eta zalantzak ere. Hasieran, hezkuntza sailburutik EAEn ez zela LOMCE legea aplikatuko zioten; gero, ordea, konturatu orduko, hodei beltzen azpitik zirimiri eran, gure ikastetxeetan ezarria zegoen.

Geroztik, auzoz auzo, herriz herri eta ikastetxez ikastetxe, aldaketarako grina ilusioz nagusitu zen; informazioa zabaldu eta bide berriak irekitzen gogor aritu ginen. Argi dugu: aldaketarako momentua da. Hezkuntza komunitate osoak ardura hartu eta aurrera egin du. Norbanakoen konpromisoetatik hasita, kolektibora igaroz, gauza handiak egin daitezkeela erakutsi diogu geure buruari eta jarraitzeko konpromisoan berresten gara. Ikasturte oparoa izan da. Guk, gure ikasleak, gure seme-alabak, etorkizuneko euskaldunak lege atzerakoi honetatik bihotzez babestu nahi ditugu eta bestelako hezkuntza sistema posible dela irudikatu, baldintzatu eta eraiki nahi diegu.

Urrian, hezkuntza eragileekin batera hiriburuetan manifestazio alaitsuak eta jendetsuak antolatu genituen. Abenduan, Durangon lagun asko parte hartu genuen Hezkuntza Plataformen Topagunetik lege honi aurre egiteko antolaturiko lan saio praktikoan, eta hortik 10 neurrien dokumentua osatu eta ikastetxez ikastetxe zabaldu genuen. Ikasturte osoan hitzaldiak eman ditugu, plataforma ezberdinak eratu dira, mozioak, sinadurak, kalejirak, Kataluniako plataformekin jardunaldiak antolatu ditugu, komunikabideetan parte hartu dugu (Hamaika TB, Info7, Gaur8, EITB...). Hori dena gutxi balitz bezala, herritarrok ausardiaz esan genuen ekainean lege honi aurre egiteko prest geundela, maiatzean egindako, Ebaluazioei Planto!kanpainaren emaitzen harira. Argi erakutsi genuen horrelako eredurik ez duela lekurik gure ikastetxeetan. Inozoak bagina bezala tratatuak izan garen sentsazioa izan badugu ere, (errebalidak diagnosi probak mozorrotuta agertu zirenean) denbora da gauza guztiak bere lekuan beti kokatzen dituena. Mugimendu gaztea izan arren, heldutasunez jokatu eta bide egokia hartu genuela berresten gara. Planto ekimen honetan ere, bestelako hezkuntza sistemaren beharra da, finean, agerian dagoena. Hezkuntza herritarrona izan behar duelako, herritarrok ere ardura handia daukagu.

Uda honetan, hainbat eta hainbat erkidegok argi adierazi dute ez dutela LOMCE Legea aplikatuko: Andaluzia, Aragoi, Katalunia, Balearrak, Asturias... Nafarroa eta orain, azkenik, EAE. Badirudi erkidegoen arteko batasuna lortu dela, gutxienez DBH eta Batxilergorako ezarpena atzeratzeko eta errebaliden sistema geratzeko. Ministro berriak, Iñigo Mendez Vigok, hitz egiteko ateak ireki ditu; batzuentzat, giroa lasaitzeko; besteentzat, hauteskundeen mamupean... baina horrekin nahikoa ez dela deritzogu.

Nafarroako hezkuntza sailburuak ere, Jose Luis Mendozak, argi adierazi du helburua zentzugabeko lege hau bertan behera uztea dela eta ez soilik bere ezarpena atzeratzea. 

Eta zergatik jarraitu behar dugu erantzuten? Badakigulako zeintzuk diren LOMCErekin gure haurrek ikasi beharko dituzten edukiak, adibidez «heziketa fiskala» lehen hezkuntzan eta «agencia tributaria» DBHn; badakigulako euskalduntzen ez duen hezkuntza sistema batera abiatzen garela; badakigulako parte hartzea gero eta mugatuagoa izango dela; badakigulako, finean, hezkuntza sistema hau ez dugula nahi. 

Herritarrok argi adierazi dugu, eta dei egiten dizuegu politika arloan zaudeten horiei «norabide» berriak eraikitzera. Gizartearen aldarriak zuen bulegoetako agendan ezartzera, eta ez bulegoetan erabakitzen dena gure ikastetxeetan ezartzera, herritarron oniritzi barik.

Ausardiaz, gizarte heldu bat gara, hamaika aukera daude ilusioz betetako eztabaida eta eraikuntza fasea abiatzeko. Txikitik ari gara pausoak ematen, handia bihurtu den aldarria astinduz. Herritarrok arduraz, ausardiaz eta zintzotasunez prest gaude norabide horretan urrats berriak egiteko.

Aurreko ikasturtea LOMCEren zirimiri urtea izan zen. Zirimiriak zerura begira egotera behartzen gaitu. Batzuetan, hodeiak nola desagertzen diren ikusten dugu; beste batzuetan, aldiz, lau tanta ahul zaparrada ilun eta bortitz bihurtzen dira. Gure eskuotan dago hodeiak aldentzea eta zaparrada geratzea. Guk horrela izan dadin putz egiten jarraituko dugu, eta, azkenean, zaparrada etorriz gero, prest izango dugu aterkirik sendoena: Gure Hezkuntza Sistema Propioa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide