Zalantzarik gabe, azken hilabete eta urteak pandemiak markatutakoak izan dira. Bazterrean zegoena zentrora ekartzeko beharra azaleratu da eta udaletatik honi erantzutea egokitu zaigu. Kaltetutako sektoreak babestu eta laguntzea bilakatu da lehentasuna. Bi urte baino gehiago igaro dira legegintzaldia hasi zenetik eta asko dira bidean emandako urratsak. Ez dira gutxi izan EH Bildutik egin ditugun proposamenak. Besteak beste, herritarren parte-hartzea indartzeko, lehen sektorea babesteko eta tokiko merkataritza sustatzeko ekintzak aurkeztu ditugu.
Baina COVID19arena ez da gure artean dugun pandemia bakarra. Prekarietatearena ere, gainean dekogun gaitz bat da. Azkenaldian Orozkon eta Aiaraldean ikusi dugu eskualde oso bat suntsitu nahi dutela. Baina honen aurrean, badaude borrokaren aldeko apustua egin eta duintasunaren erakusle bilakatu diren langile konprometituak. Tubacexeko langileen grebak erakutsi digu borrokak merezi duela. Ibarra eta Artiacheko langileak enplegu duinen eta beraien eskubideen defentsan borrokan ari dira. Artiacheko langileek lanuzte eta mobilizazioak egiteari ekin diote, enpresari lan eta bizi-baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren negoziazioa hastea eskatzeko.
Ibarrako Madres Mercedariaseko langileek ere, hilabeteak daramatzate borrokan, izan ere, Fundacion Aliados-ek egoitzaren kudeaketa eramaten duenetik, urteak zituen enpresa eta langileen arteko paktoa bertan behera geratu da, hainbat eskubideen galera ekarriz. Honen aurrean, mobilizatzeari ekin diote. Artiacheko eta Ibarrako Madres Mercedarias egoitzako langileei elkartasun eta babes guztia. Lehen sektorea ere, muturreko egoera batean aurkitzen da. Laudioko hiltegia ixteko erabaki politikoak tokiko ekoizpena modu egokian kudeatu eta eraldatzeko ezintasuna ekarri die Orozkoko eta eskualde osoko abeltzainei, eta honek, are gehiago okertuko du lehen sektorearen egoera. Instituzioetatik, lehen sektorea babestea dagokigu eta gu horretan gaude lanean. Aiaraldea eta Orozko bizirik nahi ditugu. Saharako herriaren inguruan ere, hainbat ekimen egin dira Orozkon aurten. Hitzaldia antolatu genuen Saharako emakumeen egoera ezagutzeko eta Saharar herriaren duintasunaren martxan parte hartu genuen Saharako askatasuna aldarrikatzeko.
Aurten, 14 urte bete dira Alaitz Aramendi euskal preso politikoa espetxeratu zutenetik, eta Frantziako espetxeetan Orozkotik milaka kilometrotara egon ostean, Zaballako espetxera gerturatu dute. Albistea poztekoa dirudien arren, hau ez da nahikoa, Alaitz etxean nahi dugu eta urtarrilaren 8an, Bilboko kaleak beteko ditugu euskal presoak etxeratzeko bidean aurrerapausoak emateko.
Aipatutako guztiak, Orozko, Aiaraldea eta Euskal Herri hobe bat eraikitzeko konpromisoak duen garrantzia erakusten digu. Aurrera!