Sarek, bost urte iraun dituen ibilbide juridiko hau hasierako unetik salatu zuen bezala, orain espetxeratzen agindu hau ere salatzen dugu; atzera garaman sententzia da Galder eta Aitorri ezarritakoa, salbuespeneko politika atzean uzten ari garen garaiotan guztiz zentzugabea.
Galder eta Aitorrek epailearen aurrean indarkeriarik gabeko estrategiarekin bat egiten dutela argi adierazi arren, eta froga irmorik gabeko epaiketa baten ostean, mendeku tresna gisa erabilitako justiziaren praktika salatzen dugu, duela 12 urte ireki zen itxaropen aroa kontutan hartzen ez duena. Urte luzez luzatu den indarkeriaren mamua betikotzeko jarrera nabaria da.
Espetxeen problematikari aterabidea eman eta sufrimendu guztiekin amaitzearen alde urratsak ematen ari garen honetan, honelako epai eta espetxeratzeeek ez dute lekurik. Presondegiak betetzeak ez du inolako kabidarik elkarbizitzarako eta bakerako bidean.
Hala eta guztiz ere, edo, hain zuzen ere, horregatik, Sare Herritarratetik adierazten dugu bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde lanean jarraitzeko borondatea dugula eta horretan jarraituko dugula burubelarri. Hori baita euskal gizartearen gehiengo zabalak guztioi eskatzen diguna.
Horregatik Sarek bat egiten du ANKERKERIA STOP plataformak larunbatean Gasteizen deitu duen mobilizazioekin.