SANTA LUZIA, kultura, ondarea, natura eta ospakizuna

Erabiltzailearen aurpegia Sergio Escribano 2014ko mai. 23a, 19:01

Maiatza, Santa Luziako jaien hilabetea bilakatu da laudiotar batzuen jarduerari esker. Zenbait ekimenek asteburu honetako programa sendotu dute. Hauen artean Santa Luzia eta Ermuko argazkien esposatzea taberna batzuetan eta bat pare bat hitzaldi, ia bere osotasunean euskaraz. Azken hauen antolatzaileetako bat naizen heinean, eta horrez gain hizlari ere izan naizenez, balorazio labur bat egin nahi nuke.

Lehen hitzaldian, Maiatzak 13.an, Gerra Zibila izan genuen mintzagai. EHUko historia garaikideko irakasle den Mikel Aizpuru izan zen lehenbiziko hizlaria eta Gerra Zibilak Euskal Herrian izan zuen bilakaeraren laburpen zehatz eta oparo bat eskaini zigun. Ondoren, ni Gerra Zibileko ondarearen inguruan aritu nintzen. Honek, orain gutxi arte, arkeologiaren esparruaren barruan izan duen ahanzturaz, legeek oraindik duten honekiko arduragabekeriaz eta, aldiz, gizarteak duen interesaz. Hitzaldiaren barruan, baina Burdin Hesia lasterketarekin erlazioan, Jose Angel Brena aritu zen, Burdin Hesiaren inguruan egin dituzten esku-hartzeen inguruan.

Bigarren hitzaldia Santa Luzia eta Ermu ingurunearen kudeaketan oinarritu zen. Lehenik eta behin, Laudioko alkate den, Natxo Urkixo izan genuen hizlari lanetan. Honek, onartzeko bidean den Plan Bereziaren berri eman zigun, lehen aldiz, euskaraz. Sintesi zehatz eta borobila berea. Ondoren ni, berriz bai, ondare kulturalaren inguruan aritu nintzen. Orain arte egin dugun lanaz. Gazteluzarreko gazteluaren hondakinen inguruan lau hitz, Juanjo Hidalgoren laguntzari esker biderkatuak. Eta batez ere, Isusin dagoen Goikoetxea baserriaren indusketaren inguruan aritu nintzen. Baina ez zaituztet, hemen eta orain, gehiago aspertuko ez :p

Oro har, hogei bat pertsona batu ginen hitzaldi bakoitzean. Hitzaldi ospetsuak ondorioz zenbaiten hitzetan (herriko dinamika kulturala ezagutu eta halako jardueretan antolatzaile lanetan aritu direnen hitz adituak). Eskasak nire ustetan. Egunotan pentsakor nabil, laudiotar berri naizen heinean, jendearen erantzun eskasa gora eta behera. Beste ekintza erakargarri batekin bateratu behar izan genuela pentsatzen (pintxo-potea, dohaineko ardoa, striptisa… ;-). Argi dago kultura ez dela, berez, erakargarria Laudion. Ziur kultur ekintzen arduradunak gara erakargarriago bihurtu behar dugunak. Zalantza gabe, horretan arituko gara etorkizun hurbilean.

Jai bai, zilegi, dago laudiotarren lehentasunen artean. Eta hor ere Santa Luzia ingurua lehen lerroan dago. Igo zaitezte Santa Luziara laudiotar eta airaratarrok! Datozen Igande eta Astelehena toki paregabea da hau zuen gozamenerako. Eguraldia ez da inoiz euskaldunontzat parrandarako aitzakia izan!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide