Ondarea gizarteak hala sentitzen duen edozein espresio mota dela esan ohi dute lege gehienek. Aldiz, gizartearen iritsia jasotzeko bideak eta berau ordezkatzeko moduak ez dira normalean zehazten, ezta lantzen ere. Izan ere, aditu eta politikariak dira, gehienetan, zerbait ondare dela ezartzen dutenak. Hau da egun ondare kulturalak pairatzen duen kontraesan kontzeptual nagusia. Esanguratsuenetarikoa ere.
Nekez, aldian behin, hartzen dute hitza herritarrek (legeetan agertzen den gizartea osotzen duen gehiengoak). Eta, gutxitan bada ere, noizbait oihartzun handia lortu dute herri mugimendu horiek. Arkeologo naizen heinean, burura datorkidan lehen adibideak, Londonera narama, XX. mendeko 60.eko hamarkadara. XIX. mendekoa zen arkupe baten eraisteak sortu zuen gizarte mugimenduarekin lotzen da arkeologia industrialaren sorrera eta bilakaera. Arkupea bota zuten bai, baina Eustoneko geltokiarekin lotutako pasarte hau izan zen ondoren bestelako ondare kulturala babestu eta zaharberritzeko abiapuntua.
Laudion ere antzerako prozesu bat ematen ari da. Lamuza parkean nekez mantentzen den ondarearen egoerak herriaren erantzuna izan du. Zenbait pertsonek beren babesa eta zaharberritzea sustatzeko erakunde bat sortu dute, irekia eta apolitikoa (behintzat ondarea helburu duena). Atzo Laudion eman nuen arratsaldea eta, zorionez, asanbladara joateko aukera izan nuen. Bertan ikusi eta entzun nuenak laudiotar izateagatik, berria bederen, harro egoteko arrazoi gehiago eman dizkit. Adin, estilo eta ideologia oso ezberdinetako zenbait herritar elkarlanean, beraien ezberdintasunen gainetik Lamuzara begira.
Lamuzako ondarearen gizarteratze honek hasierako definiziora narama, kasu honetan behintzat ondare hitzaren erabilera zilegi dela esatera. Haatik, arazoak nondik etor daitezkeen ere datorkit burura. Prozesu honen politizatzetik alegia. Errudun eta ongileen manikeismotik aldenduz, ondareari eta herriaren onurari begira jarraitzeak soilik bermatuko du etekina eta kontrakoak galera. Egungo egoeraren gainean, denok gara errudun. Baina are hobeto, denon esku dago konponbidea. Bihar, ezin izango naiz mobilizaziora joan, ordu horretan bilera baten izango naiz Gasteizen. Lerro hauetatik aditzera eman nahi dut, halere, herri mugimendu honekiko orain dudan elkartasuna eta mobilizazioa arrakastatsua izateko desioa.