IRITZIA

Basque Culinary & Colonial Center

Erabiltzailearen aurpegia Sergio Escribano

Rosariotik ari naiz hitz hauek idazten. Argentinara ekarri nauen proiektuaren azken eguna da gaurkoa. Aurtengo lan-sasoiari agur esateko unea heldu da, eta irrikaz begiratzen diot Euskal Herrira itzultzeari. Zapore gozo batekin, alabaina. Beste behin, Sancti Spiritus gotorlekuaren ikerketak ekarri gaitu hona: 1527. urtean Gaztelako espedizio batek eraiki zuena, eta bi urte geroago, 1529an, bertako herriek suntsitu zutena. Arkeologia ikerketa, irakaskuntza eta zabalkundea uztartzen dituen proiektua da, Santa Fe probintziako gobernuarekin elkarlanean eta Espainiako Kultura Ministerioaren laguntzari esker gauzatu ahal izan duguna. Entente honek iraganeko kontuak ekarri dizkit gogora, baita orainaldiko zenbait ere, memoria historiko ariketa arin batera bideratu nahi izan dudana.

Harritzekoa ez bada ere, iturri idatziak berriz aztertzean hainbat euskaldunek espedizio honetan parte hartu zutela gogoratzeko parada izan dut. Izatez, Sebastian Gaboto itsasgizonaren gidaritzapean, hainbat euskal gizaseme iritsi ziren hona, duela ia 500 urte. Banuen horren berri, eta Gaztelako koroarekiko euskaldunek izan zuten elkarlanaz aurretik ere idatzi izan dudan arren, ahaztu egiten zaidala dirudi. Nire harridura bera da, sarri, gehien harritzen nauena. Baina ez naiz honetan sakonduko oraingoan. Aitzitik, Aiaraldeako herritar batek espedizio honetan izandako pasarte bat ekarri nahi dut gogora: euskal parte-hartze kolonialaren adierazgarri, eta aldi berean, gure ezaugarri kulturalen erakusgarri.

Orozkotik abiatu zen Juan izeneko zurginaren istorioa da hona ekarri nahi dudana, espedizio honen kroniketan Juan de Orozco izenez ageri dena. Berak eta jatorri bizkaitarra omen zuen Martín Vizcaíno lagunak, goseak jota, txalupa bat hartu eta Carcará eta Timbú herrietara jo zuten janari bila. Juan urkatu egin zuten, Sebastián Gabotoren aginduz, Sancti Spiritus gotorlekuan bertan. Martín, aldiz, bertako jakiak dastatu ez ezik, bizirik mantentzea lortu zuen — ziurrenik bere eskulangintzako beharrari esker. Pasarte honek, Aiaraldear eta oro har euskaldunek kolonialismoaren bilakaeran izan zuten garrantzia azpimarratzeaz gain, oso gurea den janariarekiko jarrera ere ekartzen du orainaldira. Azken horretaz harro sentitzen garen modu berean, lehenengoa ere gogoratu beharko genuke. Hausnarketa kritikoa gero eta beharrezkoagoa den garaiotan, izan gaitezen arlo honetan ere abangoardiakoak. Bilatu ditzagun iraganarekin adiskidetzeko espazio eta abaguneak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide