“Legeak lagundu behar du euskal komunikazio sistema propio eta burujabea babesten”

Erabiltzailearen aurpegia Tokikom 2021ko uzt. 16a, 07:00
Eusko Jaurlaritzako hainbat ordezkarik hartu zuten hitza topaketan, Tokikomeko lehendakariarekin batera. / Tokikom

TOKIKOMen presidenteak, Iban Arantzabalek, zero kilometroko komunikazioaren garrantzia azpimarratu du Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak EAEko Euskararen Legearen 40. urteurrenaren atarian antolatutako jardunaldietan.

TOKIKOMen presidenteak, Iban Arantzabalek, Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak antolatutako jardunaldietan parte hartu du gaur Bilbon, euskara normalizatzeko EAEko legearen eragina eta baliagarritasuna aztertzeko, lege horren 40. urteurrenaren atarian. Arantzabalekin batera, euskal politika eta gizarteko puntako pertsonek hartu dute parte jardunaldian, administrazio publikoen, hezkuntzaren eta hedabideen sektoreak ordezkatuz. Besteak beste, EAEko lehen lehendakariordeak, Josu Erkorekak, Hezkuntza sailburuordeak, Begoña Pedrosak, eta EiTB Mediako zuzendariak, Ibone Bengoetxeak hartu dute hitza Iban Arantzabalekin batera.

Legearen urteak eta hedabideenak, eskutik

Arantzabalek gogorarazi du toki komunikabideen sektoreak eta Euskara Normalizatzeko Legeak adin berbera dutela, gaur egun bizirik dirauten lehen toki komunikabideak ere 1980ko hamarkadan sortu baitziren, kasu gehienetan euskara elkarteen eskutik. Azpimarratu du legeak beti doazela gizartearen behar eta ekimenen atzetik, baina euskara normalizatzeko legearen kasuan, “hedabideak legearen eta gizartearen arteko lotura-egile” izan daitezkeela, legegileen eta gizartearen arteko komunikazioa eta zubilana erraztuz.

Etorkizunera begira, Arantzabalek zero kilometroko komunikazioan jarri du arreta. Azpimarratu du egunero kontsumitzen den informazioaren zati handi bat sare sozialetako multinazionalen esku dagoen garaiotan, ezinbestekoa dela komunikazio alorrean, elikaduran, energian eta betse hainbat sektoretan bezalaxe, burujabetzari eustea, eta komunikazio sistema propio, sendo eta dinamikoa mantentzea. “Komunikazioan ere, elikaduran bezala, bertan sortu, banatu eta kontsumitutakoa askoz ere osasungarriagoa eta jasangarriagoa da munduko beste puntatik ekarri beharrekoa baino”.

Alarma egoeraren aurretik ere, premiazko

TOKIKOMen presidenteak gogorarazi du alarma egoeran ere azpimarratu zela ‘premia biziko’ zerbitzuak zirela hedabideak, haien artean euskarazkoak. Eta horren ostean, datuek konfirmatu dutela premiazko izaera hori. Pandemiarik unerik latzenetan, komunikabideen kontsumoa, eta bereziki tokikoena, biderkatu egin da, gutako bakoitzak jakin behar zuelako bere inguru hurbilean zer gertatzen ari zen edo nora joan zitekeen eta nora ez.

Arantzabalek toki komunikabideen kontsumoaren inguruko datuak eman ditu. Interneteko datuei dagokienez, toki komunikabideak dira euskarazko komunikabide ez publikoen kontsumoaren %70, eta kontsumitzeko arrazoi nagusia gertuko informazioa eskaintzea da.

EiTB eta erdarazko hedabideak

Etorkizunari begira, Iban Arantzabalek bi erronka jarri ditu mahai gainean: alde batetik, EiTB eta euskarazko beste medioen arteko lankidetza aldarrikatu du. Hala, TOKIKOM EiTBrekin lantzen ari den lankidetza hitzarmena aipatu du, eta Erresuma Batuko BBC ezagunak hango toki komunikabideekin duen elkarlan hitzarmena gurera egokitzeko aukerak aztertzen ari direla. Gaineratu du EITB, TOKIKOM eta BBC laster elkartuko direla lan-saioa egiteko.

Bestetik, eta legearen beraren garapenari dagokionez, esan du bere ustez badela garaia “euskara modu anekdotikoan erabiltzen duten eta nagusiki erdaraz diren hedabideekin zer egin” aztertzeko. Prentsa elebidunaren errenak orain dela 40 urte ere detektatu zituztela gogorarazi du. 

Laburbilduz, Arantzabalek ondorioztatu du legeak lagundu eta lagunduko duela euskarazko hedabideen garapenean, beti ere hiru oinarriren bueltan garatzen bada: lankidetza, informazio eskubidea eta hiztun komunitatea erdigunean jartzea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide