Komunitatea josteko hainbat kasu praktiko TOKIKOM jardunaldietan

Erabiltzailearen aurpegia Tokikom 2021ko aza. 12a, 23:31

Komunitatea Josten jardunaldietan hiru hitzartze eskaini dituzte eldiario.es-eko, Het Velang Van Limburg-eko eta BBC-ko aditu banak. Irakurleei entzutean, edukien eta eskaintzen pertsonalizazioan eta hedabide nazionalen eta tokiko hedabideen arteko konfiantzan oinarritu dira hizlariak.

TOKIKOM  Sarien  seigarren  edizioko  sari  banaketa  egin  dute  gaur Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan, eta behin saridunak ezagututa, Komunitatea Josten jardunaldiak  eman  dio  segida  goizari.  Komunikabideen  arteko  zein  helburu  publiko ezberdinekiko  komunitateak  eratzeko  moduak  ezagutzea  helburu  hartuta,  hiru  hitzartze entzuteko  aukera  izan  dute  bertaratutakoek.  Espainiako  eldiario.es  egunkariko  Esther Alonsok eman dio irekiera adituen saioari; Het Velang Van Limburg egunkari belgikarreko Arno Schepersek eman dio segida; eta, azkenik, BBC eta toki komunikabideen artean osatu duten  Local  News  Partnership  egitasmoko  zuzendari  den  Matthew  Barraclough-en hitzartzearekin osatu da jarduna. 

Irakurleei entzutea 

Esther  Alonso  eldiario.es  hedabide  madrildarreko  kazetariak  ireki  du  gogoetarako  bidea. Alonsoren  hitzetan,  “komunitateari  garrantzi  handia”  ematen  diote:  “Irakurleei  entzutea ezinbestekoa da”. Datuen analisian jarri du enfasia, hutsetatik ikastean, analitikari garrantzia eman behar zaiola argudiatuz. Hala ere, hortik aurrera jauzi bat eman beharra azpimarratu du 2022an 10 urte beteko dituen hedabide madrildarreko kazetariak. Adierazi duenez, “egun ezin ditugu irakurleak soilik bilatu, gure proiektuarekin konplizeak diren herritarrak baizik”. Bide horretan, eldiario.es-ek gardentasunean eta fidelizazioan ahalegin berezia egiten duela azpimarratu du. 

Pertsonalizazioaren garrantzia 

Het  Velang  Van  Limburg  egunkari  belgikarreko  Arno  Schepers-en  hitzartzeak  eman  dio jarraipena,  atsedenaren  ostean,  gaurko  jardunaldiari.  800.000  biztanleko  lurralde  batean, astelehenetik larunbatera paperezko egunkari bat eta asteko egun eta ordu guztietan sarean jarduten  duen  hedabidea  da.  Hain  zuzen,  azken  honi  eman  nahi  izan  dio  garrantzia: “Lehentasuna  ematen  diogu  sareko  edukiari,  eta  ostean  egiten  dugu  papereko  edukien 
hautaketa”.  

Bide  horretan,  eta  etorkizuneko  kazetaritza  sarean  oinarrituko  dela  sinetsita,  edukien pertsonalizazioan  eta  herritar  gazteengan  jarri  nahi  izan  du  enfasia.  “Etiketen  bidez, erabiltzaile  bakoitzari  interesatzen  zaion  edukia  eskaintzen  diogu;  albisteetatik,  ikus-entzunezko,  buletin  edota  iragarkietara.  Eta  bide  berean  egokitzen  ari  gara  harpidetzak, gazteei  begira,  sareko  kontsumo  azkarrari  begira”,  adierazi  du.  Schepers-en  hitzetan, egunkariaren  balorea  “irakurle  anonimoak  zein  harpidedunak  balorean  jartzea  da”,  eta edukien bidez lortzen omen dute hori. 

Konfiantzan oinarritutako elkarlana 

EITBko  zuzendari  Unai  Iparragirrek  aurkeztu  du  eguneko  hirugarren  eta  azken  hitzaldia, “mundu mailan erreferenteetako bat den komunikabide publikoak” eskainia. BBC eta toki komunikabideen  artean  osatu  duten  Local  News  Partnership  egitasmoko  zuzendari  den Matthew  Barraclough-ek  “nazio  hedabideen  eta  tokiko  hedabideen  arteko  konfiantzan oinarritutako  elkarlana”  oinarri  dutela  adierazi  du.  “BBCk  formakuntzak,  laguntzak  eta ekitaldiak eskainiz eta tokiko hedabideek, aldiz, albisteak”, azken bost urteetan ehundaka kolaborazio  egin  dituztela  adierazi  du,  bai  paperean,  eta  baita  ikus-entzunezkoetan  zein sarean. “Tokiko albisteek astean 8-10 milioi ikustaldi dituzte gure hedabidean”. 

Herrietako demokrazia eta gardentasuna aipatu ditu, “tokiko komunikabideek politikan eta herrietako  demokrazian  eragin  zuzena  dutela”  jakitun  direlako;  “hori  da  beraien  balore nagusia”. Bide horretan, eta elkarren arteko gardentasuna eta zintzotasuna oinarri, tokiko politikari lotuta ulertzen dute kolaborazioa: “Helburua ez da albisteen lehentasuna zalantzan jartzea, ez dugu hedabideen arteko konpetentzia sustatu nahi”, mintzatu da. Bere hitzetan, “gisa  honetako  kolaborazioetan  oso  garbi  izan  behar  dute  bi  aldeek  zertan  kolaboratzen duten,  zeintzuk  diren  elkarbanatzen  dituzten  esparruak”.  Eta  Barraclough-ek  hitzartzean adierazi  bezala,  BBCren  eta  Erresuma  Batuko  dozenaka  tokiko  hedabideren  arteko  egitasmoak aurrera jarraituko du, “bi aldeok irabazten dugulako”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide