Eusko Ikaskuntzak eta TOKIKOMek lankidetza hitzarmena sinatu dute “egoera soziokulturalari eragiten dioten gaiak gizarteratzeko”

Erabiltzailearen aurpegia Tokikom 2024ko uzt. 9a, 06:00

Ana Urkizak eta Alaitz Artolazabalek sinatu dute akordioa. / Tokikom

Aiaraldea Komunikabidea Tokikomen parte da, euskara hutsezko tokiko beste 77 komunikabiderekin batera.

Eusko Ikaskuntzak eta TOKIKOMek lankidetza hitzarmena sinatu dute “egoera soziokulturalari eragiten dioten gaiak gizarteratzeko”

Eusko Ikaskuntza erakundearen lehendakariak, Ana Urkizak, eta TOKIKOMen zuzendari nagusiak, Alaitz Artolazabalek, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur Bilbon, haien
arteko harremanak sendotu eta elkarlan ildoetan sakontzeko asmoz. Hitzarmenaren bidez, Eusko Ikaskuntzak eta TOKIKOMek elkarrizketa sustatu eta sinergiak sortu nahi dituzte, edukien ezagutza sustatu eta zorroztasuna lortzeko.

Horretarako, bi erakundeek ezagutza trukatzeko konpromisoa adierazi dute, eta elkarren lan batzordeetan parte hartzekoa ekarpen adierazgarriak egin ditzaketen kasuetan. Hitzarmenean jasotzeko lanen jarraipena egiteko batzorde bat ere eratuko dute erakundeok, elkarrekin egin beharreko lanak adostu zein egindakoen balorazioa egiteko.

Eusko Ikaskuntzaren lehendakari Ana Urkizaren hitzetan, “hitzarmen honek Euskal Herriko txoko anitzeko errealitateetara hurbiltzen gaitu, elkar ezagutzeko, hausnartzeko eta batera erronkei erantzuna emateko bidea zabalduko duelarik”. Azpimarratu nahi izan du, halaber, “TOKIKOMen tokiko gertutasun hori ezinbestekoa da, gizartearengana heldu eta eurekin elkarlanean eragiteko, guztion ongizatearen mesedetan”.

TOKIKOMetik, berriz, “hitzarmenak aukera emango die toki komunikabideei Eusko Ikaskuntzak hizkuntza, kultura eta ezagutzaren bueltan egiten duen lanketa gizarteratzeko, eta aukera paregabea egiten dituzten bestelako proiektu pausatuagoetan sarbidea izan eta toki komunikabideetan sakon aztertu eta zabaldu ahal izateko” azpimarratu du zuzendariak, Alaitz Artolazabalek.

Hitzarmenaren eta elkarlanerako gogoaren lehen ondorio gisa, TOKIKOM Eusko Ikaskuntzak urriaren 2,3 eta 4an Gasteizen antolatu duen "Elkartzen Gaituena" XIX. Kongresuko babesle izatera pasako da.

Eusko Ikaskuntza erakundea 1918an sortu zen Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako zein Nafarroako Foru Aldundien ekimenez, Euskal Herriko gizartearen beharrei erantzun orokorrak eta integratzaileak emateko.

TOKIKOM, berriz, 2012an sortu zen, Euskaltzaleen Topagunean bildutako toki komunikabideen ekimenez, eta 78 toki komunikabide batzen ditu gaur egun (Aiaraldea Komunikabidea barne), sektorearen behar bereziei modu eraginkorrean erantzuteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide