Lankideek sarritan galdetu didate nola bueltatzen naizen Bilbotik Laudiora eta zenbat irauten duen egin behar dudan bidaiak. Erantzuna jasota, gehienek Laudio ez dagoela beraiek pentsatzen zuten bezain urrun aitortzen didate.
Bilbotar asko Aiara lekutan dagoela sinetsita bizi dira.
Nik beti aukera horiek gure eskualdea goraipatzeko aprobetxatzen ditut. Kexaako monasterioari buruz mintzatzen naiz, adibidez. Gero, Maroño urtegia deskribatzen diet eta han sentitzen den bakeaz hitz egiten dut. Nire solasaldiarekin jarraituz, Delikako ur-jauziaren handitasunaz mintzatzen naiz, eta Bizkaian dagoen hiri bakarrari buruz. Edo, Santa Luzian dagoen santutegiaren inguruan...
Gure eskualdean dauzkagun inguru miragarriak irudikatu ahala, entzuleek bekainak altxatzen dituzte eta Aiara hitza errepikatzen dute euren kolkorako.
Kotxez ordu erdi batera dutela inguru hau azaltzen diet. Batzuk oso harrituta gelditzen dira. Makondo ere eskualde honetan egongo balitz bezala…
Ni bilbotarra izango banintz maiz etorriko nintzateke eskualde honetara, erabat txundigarri delako. Baina, egia esanez, haien zorteari inbidia diot beraiek ezagutzeke dutelako eskualde hau.
Aiarari buruz ezer gutxi entzun dutenentzat sorpresa ikaragarria izan behar da gure bazter eder hauetatik ibiltzea. Hain gertu dituzten bazter ezezagun hauetatik.