Madrilera joan zait aste honetan lagun mina. Apartako argazkilaria da, kazetaritzan murgildutakoa, eta oso lan eskaintza interesgarria jaso du bertan. Ez da Madrilen daukadan lagun bakarra.
Beste laudioar askok Espainiako hiribururantz jo dute. Herria uztea eta hiriburu batera joatea lan egiteko ez da kontu berria. Beraz, ez diot sumatzen, aldez aurretik, tarte txarrarik. Norberak bila dezala nahi duen tokian bere etorkizuna.
Aldiz, geure eskualdearen egoerak kezkatzen nau. Hainbat eta hainbat lanbide jorratzeko kanpora joan behar dugu. Eta eskerrak Bilbotik gertu gauden. Daukagun langabeziaren ehunekoa jasan ezina suertatzen zait.
Ez dago mugimendurik eta lan-gatazkak ugaritu egin dira: lantegien ixtea, EEEak han eta hemen, merkataritza eta ostalaritzaren ahulezia… Eta, kultura arloan, are okerragoa da panorama.
Baliteke nik nire lagunaren joatearekin ezkorregia egotea, baina egoera kezkatzeko modukoa delakoan nago. Jendea ez dadila Laudio-Madril trenean joan hemen aukerarik ez dagoelako. Negu gorri hauek. Horrelako trenak gehiegietan ikusi baititugu iraganean.
Etorkizunean lana, ideien sustapena, erabaki ausartak eta zenbait aldaketa estrukturalak ikusi nahi nituzke talentua nasetatik ez irteteko.