P asa den ostiralean, Barakaldo Antzokira joan ginen Silvia Pérez Cruz abeslari kataluniarraren eta Raul Fernández Miró kitarrajolearen kontzertu bat entzutera. Lluis Llach, Albert Pla edo Enrique Morenteren abestiak interpretatu zituen.
Bi une hunkigarri bizi izan genituen, nik uste. Alde batetik, Miguel Hernándezen hitzek aretoa bete zutenekoa. Eta, bestetik, publikoan geundenok opari bat egin genionekoa musikariei. Pérez Cruzek esan zigun Mikel Laboaren “Txoriak txori” abestu nahi zuela baina burua hutsik gelditu zitzaiola; eta, formal-formal, guk abestu genion berari Mikel Laboaren abesti ahaztezina. Bai besaulkienpatioan eta baita anfiteatroan sentimendua nagusitu zen. Pérez Cruzek, hunkituta, asko eskertu zigun emanaldi inprobisatu hura.
Hain kontzertu ona izan zen ezen Laudiotik egin genuen joan-etorriak merezi zuela pentsatu bainuen. Autora itzultzeko bidean, Laudioko bikote bat agurtu nuen; eta beste lau laudioarrekin garagardo bat hartu nuen nahiko animatuta zegoen kalean. Terrazan eserita, geure aldamenetik pasa zen ezagutzen dudan laudioar musikari bat.
Laudioko kale bat zirudien momentu hartan Barakaldok. Lastima, Laudion antzerki antzokira ematen duen kalerik ez egotea. Lastima, kulturari dagokionez, hainbat aspektu begiratuaz, Laudion norabide bakarreko kaleak baino ez edukitzea: kultura eskaintza eskasaren plazara eramaten gaituen norabide bakarra.