Azorinek esan zuen zinemak sosegua eman behar zuela. Ados nago. Zenbait filmek beste sentsazio batzuk ere sortarazten dituzte niregan: amorrua, ezinegona, poza, sinesgaiztasuna… Baina pelikula on bat ikusteak beti sosegua ematen duelakoan nago. Gainera, zinemara joateko aukera dugula jakiteak baretasun xume bat pizten du. Liburuekin gauza bera gertatzen zait. Gustukoa dut etxeko hormak liburuz beteta edukitzea, eta lasaitzen nau poltsan libururen bat eroatea. Hori bai sosegua, gero irakurtzen ez badut ere.
Udazkena zinema barik hasi dugu Laudion. Ez genuen zinemara joateko aukerarik. Eskerrak eguraldi ederra izan dugula igandeko arratsaldeak entretenitzeko. Baina arraroa da Laudio bezalako herri handi batean zinemarik ez egotea. Zorionez, aste honetan bueltan dugu filma eskaintza. Zinemakumeak zinema-zikloa dela eta berriro irekiko dira Lanbide Heziketa Ikastetxeko aretoaren ateak. Eskaintza ez da oso zabala, baina bai interesgarria. Ohiko zinema aretoetan pelikula gehiago daude ikusgai, eta udalen antolakuntzatik at daudenez, filmek ez diote zenbait irizpide politiko-sozialei eutsi behar.
Hala edo nola, pelikulak ikusteko aukerak Azorinek aipatutako sosegua emango digu. Hotza etorriko zaigu, eta zinemaren epeltasun hori –sosegu hori- eskertuko dute gure gorputz zein arimek.