IRITZIA

Distantzia bakarra

Erabiltzailearen aurpegia Txani Rodriguez 2022ko urt. 27a, 06:45

Aiaraldea izan da, betidanik, nire imajinarioaren epizentroa; izan ere, ez da ezer bereziki arraroa: Ramiro Pinillak Algorta izan du, Luis Landerok Alburquerque, Almudena Grandesek Madrid, eta Eider Rodriguezen nobela berrian Orereta dugu eszenatoki; Uxue Alberdiren Jenisjoplin liburuan Elgoibar, eta Ana Malagonen Ez dakit zertaz ari zaren eleberrian, Donostia. 

Idazle askok, gutxi ala asko bidaiatu, inspirazioa topatu dugu gure jaiolekuetan. Idazten dugunean barrura eta ingurura begiratzen dugu maiz: barrura egiten dugunean haurtzaroarekin topatzen gara; ingurura egitean, nor bere paisaiarekin.

Nire haurtzaroari eta nerabezaroari so egiten diodanean, 1983ko uholdeekin, industria-birmoldaketarekin, edo etorkin-familia baten joerekin topatzen naiz:  Nerbioi ibaia, Aceros lantegia, Laudioko Andaluziar Etxea... 

Elementu horiek guztiek Agosto nobelan izan zuten isla. Si quieres puedes quedarte aquí liburua idazterakoan,  Laudiok eta Okondok inspiratu ninduten: ardiak, pinuak, haritzak, pagoak... Txikitatik izan dudan paisaia taula eta pertsonai bihurtu nuen. 

Los últimos románticos nobelan lantegiak eta eukaliptoak agertzen dira, eta nonbait, nire haurtzaroan ezagutu nuen munduari adio esan diot. Laudio distopiko bat da liburu honetan eraiki dudana, baina errealitatetik urrunegi ere ez dagoena. Esan dudanez, Aiaraldea oso garrantzitsua izan da nire narratiban, baina, kuriosoa bada ere, inoiz ez naiz ausartu Laudiori Laudio deitzera. Ziur asko, lizentzia handiak hartu izan ditudalako nire herria birsortzeko. Hurrengo liburuan aipatzea gustatuko litzaidake, eta hemendik baimena eskatzen dut jada Laudio toponimoa zuzenean erabiltzeko, errealitatearekin zorrotza izateko.

Nire ustez, Aiaraldea erakargarria da erabat Aiaraldea ezagutzen duenarentzako, bai eta ezagutzen ez duenarentzako ere. Azken finean, mundua ezagutzeko modu bat da literatura, eda irakurleok bilatzen duguna da egiarekin lotura duen ehundura bat.

Nire emozioa Aiaraldera loturik dago, ezin izan dut beste toki bati buruz idatzi (orain arte, behintzat). Nire mundua erakutsi nahi dut, baina ez era autobiografiko batean, baizik eta Annie Ernauxek autosoziobiografia deitzen duen eran; hau da, hemen bizi ditugun eskarmentuak (kolektibo eta intimoak) beste irakurleengan durundatuko dutelako.

Nik errealitateari begiratzen diodanean, Aiaraldea daukat pare-parean; eta errealitateari sakon begiratzeko behar dudan distantziak ez nau Aiaraldetik aldentzen: Gorobel eta nire liburuen artean dagoen distantzia bakarra imajinazioa da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide