"Nahiko zaila da profesional mailara pasatzea, baina aukerak baliatzen saiatuko naiz"

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Bilbao Larrory 2016ko urr. 5a, 10:27

Gotzon Martin Sanz (Orozko, 1996) Orozkoko txirrindularia da, egun Euskadi Fundazioa – Edp taldeko kidea. Aurtengo Lehendakari txapelketa irabazi du, 23 urte azpikoen artean kirolari erregularrena izanda. Ibilbide oparoa dauka Orozkoko txirrindulariak, gazte mailan munduko txapelketetan parte hartu baitu

Gotzon Martin Sanz (Orozko, 1996)

Gotzon Martin Orozkoko txirrindularia da, egun Euskadi Fundazioa – Edp taldeko kidea. Aurtengo Lehendakari txapelketa irabazi du, 23 urtez azpikoen artean kirolari erregularrena izanik. Ibilbide oparoa dauka orozkoko txirrindulariak, gazte mailan munduko txapelketetan parte hartuz-

Nolakoak izan ziren zure lehen urteak txirrindularen gainean? Zein taldetan ibili zara orain arte?

Nire aita eta aitona txirrindulariak izan ziren eta txikitatik nire aitarekin ibili izan naiz mendiko bizikletarekin. Horrekin bat Euskadi fundazioak antolatutako ikasgela pedagogikoan ere hasi nintzen txirrindularekin kontaktu gehiago izaten eta bertan bi urte pasa ondoren, Ugaoko taldera pasa nintzen.

Bertan errepideko bizikletarekin hasi nintzen, Euskadi fundazioko ikasgelan ez baitzegoen lasterketarik. Ugaon urte dexente egon nintzen, eskolan hiru urte egonik, kadete mailan bi urte eta gazte mailan beste bi urte egonik.

Azkenean gazte mailako kategorian amaitzea, afizionatutara pasa nintzen gaur egun nagoen Euskadi Fundazioko taldera, hain zuzen, aurtengoa bigarren urtea delarik.

Lasterketa askotan aurrean ibili zara, zein da zure aurtengo balorazioa?

Aurrean ibili naiz baina ez dut garaipenik lortu. Bigarren eta hirugarren postuak ere lortu egin ditut, lehen hamarren artean askotan sailkatuz. Hori ikusita erregulartzat jotzen dut nire burua, baina garaipena da aurtengo denboraldian falta izan zaidan gauza bakarra.

Datorren urteari begira garaipena lortzea izango da nire helburu nagusienetako bat. Aurreko urtetik hona, hobekuntza nabaritu dut eta espero dut hurrengo denboraldian garaipenen bat ospatzeko aukera izatea.

Ibilbideari dagokionez, lorpen garrantzitsuak dituzu Ugaoko taldean. Nola bizi izan zenituen urte haiek?

Lorpen ugari lortu nituen. Euskal Herria gazte mailako txapelketa irabazi nuen eta ziklokrossean ere ondo aritzen nintzen.

Niretzat urte onena izan zen, lorpen garrantzitsuak lortzearen ondorioz, ziklokrosseko eta errepideko munduko txapelketetan aritzeko aukera izan bainuen.

Hasieran ziklokrossean aritu nintzen eta nire helburuetako bat aurrean ibili eta munduko txapelketan parte hartzea zen. Asko lan egin genuen eta azkenean bertan izatea lortu nuen, gazte mailako ziklokroslari onenekin.

Errepideko denboraldiarekin aldiz, aurrean ibili nahi nuen, lasterketaren bat irabazteko aukerak edukiz. Azkenean denboraldi ona egin nuen eta Ponferradako munduko txapelketan egotea lortu nuen. Gainera Ponferradan izanik, ez nintzen oso urrun joan behar korritzera eta berezia izan zen niretzat.

Azkenean garaipen pare bat lortu nituen errepidean Euskal Herria txapelketarekin bat, Espainiako selekzioarekin Munduko Kopako lasterketetan ere parte hartu nuen eta ziklokrossean ere Espainiako selekzioarekin ere izan nintzenez, aurretik ezagutzen ninduten.

Gazte mailan ibili ondoren, nolakoa izan zen afizionatu mailara pasatzea?

Txikitatik Miguel Madariaga ezagutu izan dut eta gazte mailako denboraldia amaitu aurretik banekien Euskadi Fundazioko taldean izango nintzela afizionatu mailan.

Saltoa nabaria izan zen, herri mailako talde batetik, talde handiago batera pasa nintzelako. Ugaon laguntza handia jaso nuen, taldekoek ahal zuten guztia egiten baitzuten guk txirrindularitzako baloreak ikasteko eta afizionatu mailan hori aldatu egin zen.

Euskadi Fundazioan Jorge Azanza eta Gorka Gerrikagoitia zeuden, txirrindulari profesional ohiak eta haiek duten esperientzia oso handia da, haiengandik asko ikasten dugularik.

Hurrengo urteei begira, taldean jarraitzeko asmoa duzu?

Bai, hurrengo urtean taldean jarraituko dut. Helburua denboraldi polit bat egitea izango da eta horren ostean, maila altuago batera pasatzeko aukerarik badago, saltoa emateko prest nago.

Hala ere, momentuz, afizionatu mailan Fundazioan izango naiz eta bertan egongo naiz lanean. Gainera afizionatu mailan talde indartsuenetako bat da eta baliabide ugariko taldea da.

Gaur egun, Euskaltel talde profesionala desagertu ostean, zeintzuk dira profesional mailara pasatzeko aukerak?

Egia esan, nahiko zaila dago gaur egun profesionaletara pasatzea. Murias taldea profesional kontinental mailan ari da baina kontinental mailako talde batean ibiltzea ez da berdina, egutegi txikia baitu.

Hala ere, nahiz eta zaila izan, aleginetan ari gara salto hori emateko, talde berriren bat sortzeko aukerekin, etab.

Aukerak egon badaude, pasa den urtean nahikotxo txirrindulari pasa baitziren atzerriko eta bertoko taldetara. Ez da aurreko urteetan bezain erraza baina aukerak baliatzen saiatuko gara.

Zure ezaugarriei begira, zein lekutan moldatzen zara hoberen?

Mendatetan ondo aritzen naiz nire pisu txikiagatik. Sprintean ere moldatzen naiz, talde txikietako sprintetan batez ere, bertan oso azkarra bainaiz.

Gaur egun, zein da zure kategoriako maila Euskal Herrian?

Txirrindulari oso onak daude. Talde indartsutan aparteko kirolariak daude, Caja Rural, Lizarte, Seguros Bilbao edota Ampo bezalako taldetan. Konpetentzia handia dago oro har.

Hortaz aparte Espainia mailan ere aritu gara, Espainiako Kopa txapelketako lasterketa gehienetan parte hartuz. Horrekin bat Frantziako eta Portugaleko lasterketa batzutan ere parte hartu dut, emaitza onak lortuz.

Atzerrian maila antzekoa da, Euskal Herriko maila altua baita. Talde atzerritarrak ezagutzen ditugu eta talde euskaldunek ere parte hartzen dute, azken finean

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide