Asteburu hontan jokatuko diren Espainiako eskolarteko txirrindularitza txapelketan hiru aiaraldear izango dira, Uxue Albizua, Asier Castilla eta Luisa Ibarrola, hain zuzen. Haien kategoriatan emaitza onak lortu ondoren, Euskal selekzioak hiru txirrindulariak deitu ditu Meridan izango den lehiaketan parte hartzeko.
Aiaraldearren lasterketa guztiak larunbatean izango dira
Nahiz eta txapelketa ostiralean, uztailaren 8an, hasi, hiru txirrindulariek larunbatean izango dituzte haien lasterketak. Uztailaren 9an, goizeko 08:30tan emakumezkoen haur-kategoriako Ginkana izango du Uxue Albizuak eta handik ordu batera gizonezkoek izango dute, bertan Asier Castillak parte hartuko duelarik.
Luisa Ibarrolak larunbat goizean izango du Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera, goizeko 11etan hasiko baita emakumezkoen BTT kadete txapelketa.
Arratsaldean haur-kategoriako errepideko lasterketak izango dira eta bertan Uxuek 18:30tan eta Asierrek 19:15tan hartuko dute parte.
Luzeera eta gogortasun ezberdineko ibilbideak
Ginkana, errepide eta BTT modalitatetan hartuko dute parte hiru txirrindulariek eta bakoitzak bere berezitasunak izango ditu aurtengo Espainiako txapelketan.
Ginkana saioan 12 probatako saioa izango da, guztiak 1.600 metrotako ibilibdean sartuta. Proba bakoitza gaizki egiten duenak denbora zigor bat izango du eta sailkapenean ibilbidea egiteko denborari zigorrak gehituko zaizkio.
Errepideko ibilbideak Meridako kaleak zeharkatuko ditu. Uxuek eta Asierrek 2,42 kilometrotako ibilbidea izango dute. Guadiana ibaia zeharkatzen dute bi zubi pasa beharko dituzte, haietako bat harbideduna delarik.
Luisa Ibarrola Euskadiko erlojupeko txapelketa irabazita doa Meridara
Forma onean dagoela erakutsi zuen Luisak aurreko asteburuan Euskadiko bakarkako erlojupekoa irabazi ondoren. Saratxoarra onena izan zen parte hartu zuten 25 txirrindularien artean eta aurreko urteko posuta hobetzea lortu du, Urduñako lasterketan bigarren geratu baitzen.
Hala ere Meridan ez da erlojupekoan arituko, BTTan baizik eta lehen postuetan sailkatzen saiatuko da Proserpinako urtegian izango den 4,4 kilometrotako ibilbidean.