Azken aste hauetan ia ezinezkoa izan da egunkari bat ireki edo telebistako albistegi bat ikustea Catalunyaren eta garatzen ari den burujabetzaren aldeko prozesuaren berri izan gabe. Eztabaida zinez liluragarria da ematen ari dena, gizarte demokratiko eta moderno batentzat erabakigarriak diren gaietan eragin handia duelako: kolektibitate baten eraketa politikoa, bere esparru politikoen egonkortasuna eta balizko aldaketak, herrien eskubideen balioa printzipio demokratikoen aurrean -edo ondoan-, identitateen arteko gatazka edota jokoan dauden interes ekonomikoak.
Biolentziarik eza alde batean utzita -eta hau gutxietsi gabe-, euskal auziaren eta katalanaren artean nahikoa ezberdintasun daude interesatutako konparazioak egiteko tentazioa albo batean uzteko. Baina hori, oztopo izatetik urruti, pizgarri da, batez ere hilabete hauetan, azken Diada egunean antolatutako “Kataluniako Bidea” ekimenaren bueltan mahaigaineratu den eztabaida politiko eta intelektual ezin aberatsagoa xehe-xehe aztertzeko.
Hausnarketa eta eztabaida soseguz, sakontasunez, errespetuz eta zorroztasunez eginda, euskaldunok ere gai izan behar dugu gure etorkizunarentzat baliagarriak izango diren ondorio positiboak ateratzeko. Besteen esperientzietatik ikasi beharra dago. Ez da ematen duen bezain erraza.