Barkamenaren balioa

Hau irakurri dut Twitterren:  “Top 5 de las palabras más complicadas de pronunciar en castellano: otorrinolaringólogo, desoxiribonucleico, paralelepípedo, ovovíparo y…PERDÓN”. Itzela iruditu zait. Izan ere, barkamena eskatzea da gizakioi gehien kostatzen zaigun gauzetako bat; batez ere, eskaera zintzoa bada eta autokritikan oinarritutako hausnarketaren fruitu, hau da, zerbait gaizki egin izana onartzen badugu.

Euskal gizartean ziklo bat ixten ari gara indarkeria politikoari dagokionez. Etorkizunera begiratu nahi dugu, eta guztion artean bizikidetza integratzailea, errespetuan oinarritutakoa, eraiki. Horretarako, baina, komeniko litzake atzera begiratzea, izandako jarrerak berrikustea eta gaizki egindakoak onartzea. Eta benetan zerbait gaizki egin genuela ondorioztatuz gero, barkamena eskatzea. Ederra izango litzateke hori. Batzuek diote barkamena eskatzeak kutsu erlijiosoa duela, kontu intimo eta pertsonala dela.

Dena den, nire ustez, zentzu publikoa ere badu, eragindako kalteak eta bidegabekeriak publikoak izan baitziren. Gainera, barkamen zintzoa onuragarria da eskatzen duenarentzat eta ematen duenarentzat. Lehenengoa sendatu egingo da, eta bigarrenak jarrera hobearekin egingo dio aurre etorkizunari. Aurrekoan, jada europarlamentarioa den hautagai bati galdetu zioten okerra izan al zen ETAren terrorismoa. Hark zera erantzun zuen: “Ene, zelako galdera, ez?” Eta onena aurrera begiratzea zela gehitu zuen. Glencree-ko proiektuan parte hartu zuten biktimek manifestu bat sinatu zuten 2012an, eurak biktima bilakatu zituen indarkeria-mota oro bidegabea zela adieraziz. Gauza bidegabe oro da okerra. Han, ETAren, GALen eta poliziaren biktimak zeuden. Horixe da bidea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide