San Rokeko festak amaituta, jai horren inguruan sortzen diren eztabaidak duela 35 urte sortzen ziren berak direla ikusten dut. Dudarik gabe, garaiak aldatu egin dira. Jai-eredua zalantzan dago. Geroz eta zailagoa da zentzua ematea aspaldiko garaietan auzokideen eguneroko bizitzan benetako salbuespenezko gertakari bat zen horri. Gaur egun aisiak gure bizitzak zeharo zipriztintzen du eta parranda askoz maiztasun gehiagorekin dugu eskura. Zaindariaren jaien behin-behinekotasunaren zentsua urtu egin da.
Horrekin batera, gure egutegi bereziak arazoak sortzen ditu antolakuntzan zein jaien kontzeptuaren ulerkeran. Luzeegia lehen, zatitua orain... eztabaida berdina da urtero. Zoritxarrez, eztabaida nahiko garratza izan ohi da hori, aurreiritzi askorekin eta justifikazio eskaseko immobilismo batzuetatik planteatzen dena. Antagonismo ideologikoek pisu gehiegi hartzen dute.
Badirudi orain badaudela gure jai egutegiaren inguruko eztabaida sosegatu bat eskatzen duten ahotsak. Dauden aukeren abantaila eta desabantailak erakutsiko dituen eztabaida bat. Ahalik eta kontsentsurik handiena bilatuko duen eztabaida bat, ahobatezko akordio bat ezinezkoa izango dela jakitun. Konfrontaziotik baino, kooperazio eta elkarlanetik abiatutako eztabaida bat, zeinetan ez den inoren aurka joko. Eztabaida bat zeinetan XXI. mendeko festa batek dituen beharrizanak Laudiokoak izateagatik berezi eta paregabeak diren jaien esentziarekin nahastuko diren. Ondo aterako al da!