Laster egongo dira udal-gobernu berriak, ordezkari berriak gure udaletan. Baina, berriak al dira benetan? Hautagai-zerrendei begiratu bat emanda badirudi ez direla aurpegi berriak gailentzen direnak. Eta horrek jendeak kontu publikoekiko duen interes ezaren inguruan nire buruari galdetzera narama. Horrenbeste prestigio galdu ote du politikak, alderdiei horrenbeste kostatzeko boluntarioak lortzea euren zerrendetan sartu eta auzokideekiko gertuen dauden gaien kudeaketan konprometitzeko? Desagertu egin ote da duela ez horrenbeste urte parte hartze politikora bultzatzen zuen ongizate komunarekiko konpromiso izpiritua? Zer motatako antzerkia ari gara instituzioak bihurtzen horrenbeste usa dezaten?
Askok ustelkeriari egozten diote politikarekiko atxikimendu ezaren kausa. Eta ez da gai horri garrantzia kentzeagatik, baina esango nuke jende gehiena ustelkerian jarduten dutenen aurka dagoela ustelkeriaren beraren aurka baino. Funtsean, asko dira pentsatzen dutenak eurek ere hala egingo luketela aukera izango balute. Akaso ez dugu edozein aukera baliatzen Ogasunari izkin egiteko? Eta horrela ez dugu ustelkeriarekin amaitzerik.
Gertatzen dena honakoa da: ongizate komunarekin eta “res publica”-rekin zintzoki konprometituak egongo diren pertsonak egon ezean, gazteak egon ezean batez ere, zaila da kalitatezko demokrazia bat sostengatzea. Azkenean titiriteroak, ustelak eta politikaren profesionalak inposatzen direlako, zentzurik txarrenean.