Azken hauteskunde orokorren emaitzek urduritasun sakon batean murgildu dute klase politiko espainiarra. Lider handiek gobernu egonkor bat osatzearen erronkari egin beharko diote aurre, eta hori hainbat alderdiren arteko akordioen bidez lortu daiteke soilik, horrek dakartzan zailtasunekin. Inoiz ez zen gertatu hautestontziek orain ekarritako hauteskunde-zatikatzea bezalakorik. Hori dela eta, ezberdinen arteko akordioak egin beharra inposatzen da eta (ene!) oso zaila da hori egitea euren arteko harremana horrenbeste tenkatu eta gaiztotu denean.
Gaur egungo politikak gabezia penagarri bat duela deritzot. Kultura demokratiko baten gabezia, pentsamendu ezberdinak zintzotasunez eta ondorio guztiekin onartu eta toleratzearen aldekoa. Are gehiago helburua akordioak lortzeari begira elkarrizketan jardutea denean. Hala zioen Zygmunt Bauman soziologoak orain dela gutxi eginiko elkarrizketa batean: “benetako elkarrizketa ez da zu bezala pentsatzen duenarekin hitz egitea”.
Hauteskunde-zatikatzea ez da berria beste leku batzuetan (gure udala baino ez da ikusi behar), eta esaten ari naizen guztia aplikagarria da baita beste leku horietan. Entzun dut tentsioa handiagotzen ari dela Laudioko plenoetan. Bost zinegotzirengatik gobernatuak izaten jarraitzen dugu (guztira 17 direnean), herriarentzat garrantzitsuak diren etorkizunerako proiektuak aurrera eramateko akordio handirik gabe. Bide luzea daukagu oraindik ibiltzeko behar bezalako minimo batzuetara iristeko Baumanek aipatzen duen benetako elkarrizketaren eremuan.