[IRITZIA] “El agarrao”, legez kanpokoa Arrankudiagan

Erabiltzailearen aurpegia Txomin Egiluz 2018ko ira. 3a, 07:00

1908an Arrankudiagako alkateak estatu espainiarrean harrotu zituen hautsak, “el agarrao” dantzatzea debekatu baitzuen herrian dekretuz. Aginduak egunkari espainiarretan aldeko eta kontrako artikuluak sortu zituen erlijioa, morala eta abertzaletasuna nahastuta. Baina zer zen “el agarrao” eta zergatik sortu zen polemika?

“El agarrao” deitzen zitzaion, oro har, Euskal Herritik kanpo ekarritako zenbait dantzari; vals, pasodoble... Dantza mota horietan gizonezkoak eta emakumezkoak bikoteka lotzen ziren, ez antzinako dantzetan bezala. Eztabaidaren aurrekariak argiak ziren; Sabino Aranaren testu batzuetan dantza berri horiek kritikatzen ziren eta tokikoak goraipatu, esaterako.

Horregatik, ohitura berriek abertzaleen artean jaso zituzten hainbat kritika. Hain zuzen, atzerrikoak eta katolizismoaren kontrakoak zir ela argudiatzen zuten. Zehazki, indar abertzaleek -fededun sutsuak- leporatzen zieten tradizionalistei zein liberalei euskal lurraldean sartzea espainiartzeko ahalegin moduan, betiko morala urratuta.

Gauzak horrela, 1908ko uztailaren 4an, Manuel de Solaun y Bodequi Arrankudiagako alkateak dekretua zabaldu zuen “el agarrao” debekatzeko. Norbait ikusiz gero dantza hori praktikatzen, udalak 5 eta 25 pezeta arteko isuna jarriko lioke dantzariari. Gainera, berriro “el agarrao” dantzatuko balu pertsona berak, epaitegietan salaketa jasoko luke, agintariei men ez egiteagatik.

Arrankudiagan ez ezik, bestelako herritan ere debekua ezarri zuten, Mungian, adibidez, eta gaia egunkari espainiarretara heldu zen. Argitarapen katolikoek eta EAJkoek, nola ez, neurria babestu eta txalotu zuten: La Hormiga de Oro aldizkariak egin zuen hori, adibidez. Liberalek eta ezkertiarrek, ordea, ez zuten begi onez ikusi erabakia. El Heraldo de Madrid, El Sol eta La Época izan ziren horietako batzuk. Are gehiago, Isidoro Acebedo “La Lucha de Clases” egunkariko zuzendaria epaitu zuten artikulu bat idazteagatik Arrankudiagako aferaren harira. 1908ko azaroan epaitu zuten erlijioa iraintzeagatik eta absolbitua izan zen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide