ARTIKULUA

Urdiola, jentil-harria eta Untzuetako gazteluaren setioa

Erabiltzailearen aurpegia Txomin Egiluz 2022ko mai. 18a, 10:00

Urdiolako jentil-harria. / Txomin Egiluz

Untzuetako gaztelura egingo den ibilaldia eta ekitaldia baliatuta, gogoratzeko modukoa da txikitu zuen setioak kondairak sortu zituela.

Urte luzez entzun ditugu Arrankudiagan jentilen eta harribolen istorioak. Antza, jentilek botatzen zituzten Goikoganetik Untzuetara. Kondaira Miguel de Barandiaranek jaso zuen eta Agustin Zaballak ezagutzen zuen jentil-harriaren kokapena; Urdiolako errekan zegoen, hain zuzen.

Trikuharri forma duen harria, nolabait elkartu zuten harribolen istorioarekin eta horrek, inguruko paisaia magikoarekin batera, kondaira sortu zuen, ziurrenik.

Kondaira

Jentilen mitoak ziurtatzen du Arrankudiaga eta Arakaldon jentilek bolan jolasten zutela ekaitza egunetan; harribolak jaurtita Goikoganetik Untzueta mendira. Jolas horiek trumoiak eragiten zituzten, baita tximistak ere. Horraino, antzeko istorioak daude Orozkon eta Zeberion. Baina, Arrankudiagaren kasuan, jentilak desagertu ziren harribolek Urdiolan topo egin zuten arte, zehazki, jentil-harria dagoen lekuan.

Untzuetako setioa

Nire ustez, jentilen mitoa sortu zen Untzuetan gertatutako zenbait batailen ondorioz. Bereziki, Gaztelako Pedro I. 'krudela'-ren aldekoen eta Nuño Diaz de Haro Bizkaiko Jaunaren aldekoen arteko borrokan, 1358. urtean.

Gaztela eta Leongo erregearen morroiek bizkaitarrak setiatu zituzten eta katapultak baliatu zituzten sutan zeuden harribolak jaurtitzeko. Hiru hilabetez egin zuten hori eta gaztelua txikitu zuten. Oraindik ere harribolak ikus daitezke ingurutan, 150 baino gehiago agertu baitira.

Nire aburuz, garaiko arrankudiagarrek jentilen esku hartzea baliatu zuten azaltzeko ikusten zituzten eztandak eta zaratak. Antzinako pertsonaia mitologiko horiek erabili zituzten ezohiko gertakari horien azalpen gisa eta, aldi berean, hurrengo belaunaldiei laga zieten kondaira.

Gero, Urdiolako harri bitxi horren agerpenak balio izan zuen kondaira borobiltzeko. Izan ere, toki hori guztiz magikoa da, ur-jauzia baitauka hurbil eta lamien eta jentilen topaleku moduan irudikatu zuten gure arbasoek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide