Etorkizuneko belaunaldiek gozatu ahal izango dute ekitaldi hauetaz? Herri txikietako jaiak, erromeriak, gure kultura (musika, dantza, kirola, gastronomia eta herri-jolasak) sustatzeko topaleku dira eta herriak urtean zehar ez duen protagonismoa bereganatzeko aukera polita.
Bizipenak, poza (ikusi lotutako argazkiak), itxaropena, beldurrak, penak... familiarekin, auzokoekin, gertuko jendearekin... partekatzeko lekuak izan dira eta ezagutzen ez ditugun edo orain arte hitz egin ez dugun pertsonekin hitz egiteko geltokiak.
Urtero ia aurpegi berdinak aurkitzen ditugu, adinagatik eskarmentu handiagoa duten aurpegiak, baina urteek ez dute barkatzen eta batzuk gaixotasunagatik edo heriotzagatik ez daude. Hala ere, nahiz eta fisikoki ez egon, gure oroimenean presente jarraitzen dute.
Oro har, jende gutxik antolatzen ditu erromeria hauek urtez urte; bere denbora modu desinteresatuan ematen digute besteok gozatu ahal izateko. Uste dut garrantzitsua dela eskerrak ematea sugarra bizirik mantentzeagatik, gaur gozatzen ari diren haurrak biharko antolatzaileak izan daitezen ereileak izateagatik... Nahiz eta ez konturatu, momento honetan, haiek dira etorkizuneko belaunaldien eskubideak bermatzen ari direnak.
Bukatzeko, eta Olarriko Santa Marina egunera itzuliz, eskerrik asko Iñaki, Bego, Jose Luis, Lourdes, Sabino, Maitane, Zubi, sukaldariak, trikitixa, Otegi, babesleak...
Testua eta argazkiak: Txomin Udaeta Ulibarri