Dibertsitatea eta independentzia

Erabiltzailearen aurpegia Txutxi Ariznabarreta 2014ko mai. 6a, 08:32

Bere lurraldetik kanpora jaiotako biztanleen ehuneko handienetakoa duten Europako herrialdeen artean dago Euskal Herria. Berrogeita hamargarren hamarkadatik hirurogeita hamargarrenera iberiar penintsulatik etorritakoak, eta azken bi hamarkadotan munduko mila tokitatik datozenak, gehienbat. Bai, Euskal Herria oso anitza da zalantzarik gabe, eta nortasun nazional zein hizkuntza eta kultur aldetik dibertsitate handia dugu gure artean.

Baina ez dut onartzen, inondik inora, dibertsitate horren izenean esatea Euskal Herriaren independentziak izugarrizko zatiketa eta konfrontazioa sortuko lukeela gure gizartean. Eta oraindik gutxiago, espainiar eta frantziar estatuak direla aniztasun horrekiko errespetuaren bermea. Zer astakeria!

Bi estatuok ez dute inoiz errespetatu, ez errespetatuko, dibertsitatea, homogeneotasunaren inposatzaile amorratuak direlako. Nola errespetatuko dute dibertsitatea, euskal nazioa eta nortasun nazionala goitik behera ukatu eta espainiar eta frantziarra inposatzen dutenean ? Bere hizkuntza eta kultura inposatzen dutenean, beste guztiak mesprezatu eta erasotzen dituzte.

Euskal Herriaren dibertsitate horretatik bertatik eraikitako euskal Estatu independentea da, hain zuzen ere, gure herriaren dibertsitatea errespetatzeko gaitasuna duen estatus politiko bakarra.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide