Eskozia: paradigma berria Europan

Erabiltzailearen aurpegia Txutxi Ariznabarreta 2014ko ira. 18a, 08:08

Bagenekien oso zaila zela, baina esperantzatxoa bihotzean azken ordura arte. Ilusio eta poztasun handiz hartuko nuen baietzaren garaipena, hala ere errespetu osoz hartu dut eskoziarren erabakia, demokrazia izan delako benetako garaile nagusia.

Erreferendumak inflexio puntua markatu du erabakitzeko eskubidearen inguruan, eta Europaren baitan prozesu independentistak kudeatzeko paradigma berria sortu da. Demokrazian oinarritzen den paradigma. Jadanik, askatasunaren bila dabiltzan herriek ez dute erreferenduma egitea justifikatu beharko, egiten ez uztea izango da justifikatu beharrekoa. Jauzi izugarria.
Erreferenduma burutu izana bera da egundoko garaipena estaturik gabeko herri guztiontzat erabakitze eskubidea guztiz bidezkoa eta joko demokratikoaren oinarrizko ariketa bilakatzen duelako Europan bertan. Galtzaileon garaipenak gazi-gozoak beti!

Independentziaren aldeko 1.617.989 boto, orain dela urte gutxi ametsetan ere imajina ezin zitekeen kopurua. Datorren urtean izan balitz, irabazi agian. Aukera galdua, Baina garrantzitsuena zera da: eskoziarrek burujabetza osoa dutela berriro ere, bere momentuan, Eskoziaren etorkizuna erabakitzeko.

Berandu baino lehen eskoziar eta euskal independentistok, kataluniarrekin batera, elkarturik ospatuko dugu gure estatu berrien sorrera. Ziur nago! Ez dugu esperantza eta umorerik galduko. Etorkizuna geurea da!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide