Datorren igandean herri galdeketak egingo dira Goierri, Debagoiena, Aramaio, Azpeitia eta Ispasterren. Euskal Estatuari bai ala ez esateko aukera izango dute 150.000 herritarrek.
Datozen bi urteotan burutuko den galdeketa prozesuak erakutsiko du noraino sustraitu den Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubide demokratiko gisa. Zentzu horretan, garrantzi handia dute igandekook, erabakitzeko eskubidetik erabakira egiten ari garen jauziaren lehen urratsa direlako eta ondorengoei bidea markatuko dietelako. Horrexegatik, parte hartzea da helburu nagusia.
Baina galdeketekin ezer ez da bukatzen. Hasi egiten da aro berri bat. Erabakiaren aroa. Euskal Estatuaren eraikuntza prozesua zabalduko duen aroa.
Eta, horri begira, ezinbestekoa da agenda politikoan eragin eta prozesua bultzatuko duen subjektu politikoa metatu eta aktibatzea. Abertzaletasunetik askoz harago doana. Demokrazian, justizia sozialean, eskubideetan eta askatasunean oinarritutako etorkizun komun bat partekatzeko prest dauden herritar guztiei zabalik egon beharko duena.
Beraz, galdeketekin batera, eta ondoren, premiazko zeregin estrategikoa dago herriz herri.