Euskal Herriko panorama politikoan sarritan noraezean blokeaturik gauden sentsazioa dugun arren, etorkizunera begira estrategia bat zehazteko oinarrizkoak diren zenbait kontu, behintzat, inoiz baino argiago daude:
1. Euskal Herriak bere buruaren jabe izan behar du bere etorkizuna eraikitzeko.
2. Espainiar eta frantziar Estatuen barruan ez dago inolako burujabetza aukerarik, eta dependentzia egoera honetan gure etorkizun politikoa, ekonomikoa, soziala, kulturala… hipotekatzen ari gara.
3. Estatuekiko aldebiko harreman/negoziazio eskema agortuta dago, iragana da, kimera bat. Bide horrek “statu quo” menperatzailea betikotzea besterik ez dakar. Beraz, aldebakarreko bidea da gelditzen zaigun aukera eraginkor bakarra. Espainia eta Frantziaren jakobinismo eta ultranazionalismo zanpatzailearen aurrean demokrazian, justizia sozialen, dibertsitatean eta elkartasunean oinarritutako independentismo aurrerakoia da alternatiba bakarra. Hots, Euskal Estatua eratu eta Euskal Errepublika aldarrikatzea.
4. Posiblea da. Eskozia eta Katalunia egiten ari diren bidea da horren adierazgarri. Gehiengo sozial independentista metatu eta aktibatzea da gakoa.
Eta hau honela izanik, zer demontre egiten dugu hain epel! Badakigu zer nahi/behar dugun. Badakigu nora goazen. Erabaki dezagun, behingoz, nola egin bidea!