Katalunian herritarren eskutik etorri zen alderdi politikoak oinarrizko estrategia bat adostera behartu zituen eztanda independentista. Ondoren, hartutako konpromisoak instituzioetara eraman eta urratsez urrats aurrera egin du prozesuak. Herria/eragile politikoak/instituzioak, hiru hanka horien arteko sinbiosian dago prozesuaren arrakastaren gakoa. Procés katalanak eredu berria bat jarri du mundu osoan, orain arte ez delako izan inon aldebakarreko prozesu independentista hain demokratiko, baketsu, parte hartzaile eta herritarrik. Baina Espainiar Estatuak ez ditu ulertu nahi parametro berriak eta Kataluniako instituzioak, agintariak, hautetsiak, arduradun publikoak eta abar erasoz blokeatu eta hondatu nahi du prozesua. Mehatxua, errepresioa eta bortizkeria politikoa erabiliz ari da, jokamolde zaharretan.
Herriak prozesua martxan jarri eta alderdi politikoei pasatu zien lekukoa, eta hauek instituzioei. Alderdien arteko jokoan eta instituzioetan krisialdi larriak izan direnean, herriak hartu izan du berriro protagonismoa gatazkak gaindiarazteko. Azken boladan, instituzioen bitartez egin dira urrats sendoak, baina joan den asteleheneko Diadan herriak hartu du berriz lekukoa.
Urriaren 1ean herritarrek egingo dute posible erreferenduma eta, era batean edo bestean, argi adieraziko dute euren hitza eta erabakia. Ondoren, 1978ko erregimena hankaz gora jartzen ari den procés katalanak aurrera egingo du berrindartuta. Geldiezina da, jadanik.