Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazten du Urduñako Eskolako Agenda 21aren Foroa egin dela ekainaren 7an, asteartean, Udaletxeko bilera-aretoan. Saioan Alkateak, Idoia Aginako Arbaizak, eta Arkitekto Teknikoak hartu dute parte Urduñako Udalaren izenean eta, sei ikasleko talde batek eta Eskolako Agenda 21en arduraduna Urduñako HLHIren izenean. Baita Eusko Jaurlaritzako Ingurugela-CEIDAren ordezkaria ere bertaratu da ekitaldira. Foro honek amaiera eman dio 2015-2016 ikasturteko egitarauari Bioaniztasuna gaia ardatz hartuta gauzatu dena.
Ikasleen ordezkaritzak jakinarazi du zeintzuk izan diren Eskolako Agenda 21 ekimenaren barruan, ikasturte honetan egin dituzten jarduerak, besteak beste, honako hauek: negutegian lan egin, aurten espezie berri ugari landatu direlarik; hazien tailerretan parte hartu; edo ikastetxearen inguruan ibilbideak egin bertako zuhaitzen bioaniztasunaren informazioarekin diagnostiko bat egiteko beste ikaskideei erakuzteko.
Azalpen honen ostean, ikasleek datorren ikasturterako hartu dituzten konpromisoak azaldu dituzte: negutegian landare eta haziak landatzen jarraitzea; zuhaitz egunetan eta hondakin garbiketetan parte hartzea eta azkenik, birziklatzea eta ura eta energia aurrezten jarraitzea.
Amaitzeko, zenbaiteskari egin diote Udalari: herrian dauden zuhaitz esanguratsu batzuetan jartzeko txartelak egitea ikastetxeak koka ditzan; garbiketa egun bat antolatu eskola ondoan dagoen erreka plastikoz beterik dagoela ikusi dutelako; eta eskolako leihoetan biniloak jartzea eguzkia zuzenean sartzen denean, pertsianak jeitsi eta argiak piztu beharra ekiditzeko.
Udal ordezkariek eskerrak eman dituzte egindako lanagatik, eta aurreko urteko eskarien segimendua egin dute, iturria ikastetxean kokatuta dagoela azalduz.