Arrankudiaga-Zollo, Arakaldo, Orozko eta Urduñako udalek Udaltalde 21-en bitartez kudeatuko dituzte hondakinak

Erabiltzailearen aurpegia Udaltalde 21 2015ko aza. 17a, 17:30

Bizkaiko Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu ditu etxeko hondakinen zerbitzuaren Kudeaketa-Agindurako Akordioak; Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga, Etxebarri, Orozko, Urduña, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberioko Udalek zerbitzu hori Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalen esku uzteko.

Kudeaketa-agindu horren xedea hau da: lehenik, gainerakoaren, paper-kartoiaren, hondakin organikoen eta tamaina handikoen frakzioak bildu eta tratamendutegira garraiatzeko zerbitzua kontratatzea; bigarrena, hondakin horiek gordetzeko eta tratatzeko izapideez arduratzea; hirugarrena, SCRAP’S deritzenen kasuan (beira eta ontzi arinak), bitartekaritza bateratua egitea.

Hondakin-frakzio berriak biltzeko kontratuak eskualdeko taldean egitea beste pauso bat da kontratazio bateratuaren bidean: etxeko landare-olio erabilia, 2010ean; pilak, metagailuak eta inprimaketa-hondakinak, 2011n; ehunak eta etxeko beste objektu aprobetxagarri batzuk, 2012az geroztik; hondakin organikoak bosgarren edukiontziaren bidez, 2014az geroztik.

Helburua beti bera da: zerbitzuen eraginkortasuna areagotzea. Kasu guztietan, zerbitzuen kalitatea mantentzea edo hobetzea lortu da, herritarren ikuspegitik zein ingurumeneko emaitzaren ikuspegitik, kostu ekonomikoa gutxituz.

Dituen garrantzi ekonomikoa eta eragin soziala direla-eta, eskualde-mailan laster egingo den kontratazio honen aurretik bideragarritasun tekniko, juridiko eta ekonomikoari buruzko azterlan bat egin da.

Lan horren ondorioen arabera, taldean kontratatzea bideragarria eta errentagarria da, eta justifikaturik dago gainerakoaren eta paper-kartoiaren frakzioetarako udalerri guztien kasuan.

Arrigorriagari dagokionez, honakoa gomendatzen du: gainerako eta paper-kartoia frakzioetan eskualdeko talde-kontratuan sartzea indarrean duen kontratua amaitzean, alegia, 2018an.

Azterlanean, horrez gain, bederatzi udalerrietan gaur egun dagoen egoerari buruzko diagnostiko xehakatu bat egin zen, bai eta zerbitzuaren diseinu berria, ezartzeko ibilbide-orriaren definizioa, txosten ekonomikoa, funtzionamendu-arautegirako proposamen bat, eta laburpen exekutibo bat ere.

Gainerakoaren, paper-kartoiaren eta hondakin organikoen frakzioak bildu eta garraiatzeko kontrataziorako lehiaketa publikoa prozedura irekiaren bidez egingo da, eta kontratuak zortzi urteko iraupena izango du, bi urtez luzatzeko aukerarekin. Beste bi gaiek, hau da, hondakinak gordetzea eta ontzi eta beirarako bitartekaritza, iraupen bera izango dute. Tamaina handikoak biltzeko zerbitzua berariazko lehiaketa baten bidez kudeatuko da.

Bederatzi udalerrietako 37.442 biztanleek 12.856.164 kilo utzi zituzten, 2014. urtean, hamar udalerrietako 1.085 edukiontzietan: 10.574.495 kilo gainerakoaren frakzioan; 1.106.671 kilo paper-kartoi; 515.752 kilo ontzi; eta 659.246 kilo beira.

Bederatzi udaletako Udalbatzek orain dela gutxi onartu dute kudeaketa-agindua Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabali. Hain zuzen ere, udalen sozietate publiko horren estatutuetako 5. artikuluaren arabera, haren xedea da “…laguntza teknikoa eta ordezkaritza iraunkortasun-irizpideak aintzat hartzen dituen erosketa eta kontratazio bateratuan, eta hondakin-bilketaren zerbitzua ematea”. 5 bis artikuluan hau dago ezarrita: “baliabide propio eta zerbitzu tekniko bat da, eta haren helburu sozialari loturiko jarduerak kudeatzeko agindua eman ahalko diote baliabide propiotzat eta zerbitzu teknikotzat duten udalek. Kudeaketa horiek urteko kuota baten bidez ordainduko dira”.

Iraunkortasun irizpideak aintzat hartzen dituen erosketa- eta kontratazio-zerbitzua sortzeko eta hura arautzen duen esparru-agiria onartzeko Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalen erabakiaren arabera (2014ko martxoaren 31ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratua), Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek botere esleitzaile eta kontratatzaile gisa dihardu prozedura honetan.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide