2015eko ekainaren eta 2016ko abenduaren artean egindako Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko ibaiertz eta ubideetako hondakinen garbiketa proiektuaren balantzeari buruzko informazioa eman du Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek. Proiektu horren bitartez, Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko animalia eta landare espezieen baldintza ekologikoak eta habitatak hobetu dira, babes profesionala eta ingurumen arloko boluntarioak izan dituzten ekintzen bitartez, zaborrak edota hondakinak jasoz. Laburbilduz, proiektuaren barruan 14 ekintza egin dira: 7 babes profesionalarekin, eta beste 7 boluntarioekin. Guztira, 22 tona hondakin jaso dira ibaiertzetatik.
Ekintza batzuk enpresa espezializatu baten bidez egin dira, hondakin motaren eta inguruaren irisgarritasunaren arabera. Legez kanpoko isurketa-guneei buruz ari gara, zehazki. Toki horiek duten maldagatik, irisgarritasun zailagatik, eta hondakinen tamaina eta pisuagatik, bitarteko mekaniko eta espezializatuak erabili behar dira. Aitzitik, ingurumen arloko boluntarioekin egindako jardunaldiak zailtasun tekniko handirik ez duten tokietan egin dira, irisgarritasun erraza duten guneetan eta, oro har, tamaina txikiko hondakinak dauden lekuetan.
Enpresarekin egindako ekintzetan, 11,22 tona obra-hondakin, 7,84 tona hondakin nahasi (handiak), 0,46 tona pneumatiko eta ekipo elektriko eta elektronikoen 0,36 tona batu dira; guztira, 19,88 tona hondakin, berreskuratzeko edo ezabapen-tratamendua jaso dutenak.
Boluntarioekin egindako jardunaldietan, 4 ikastetxek hartu dute parte (Etxebarri BHI, CEIP Ugao HLHI, Bengoetxe BHI eta Eguzkibegi Ikastola), bai eta Arrankudiaga-Zolloko herritarrek ere; guztira, 249 lagunek. Batutako hondakin gehienak plastikoak, latak, ontziak, beirazko botilak, sokak, maletak eta pneumatikoak izan dira; guztira, 1.980 kilo.
Proiektu honek 8.509,84 euroko kostua izan du, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren diru-laguntza jaso du.
Nerbioi eta Ibaizabal ibaiak, eta beren ibaiadar nagusiak (Altube, Zeberio eta Upo), dira eskualdearen eta bertako herrigune, industrialde eta komunikazio-azpiegituren ardatz egituratzaileak, eta, aldi berean, bertako ingurumen-ondarearen parte nagusia dira: animalien eta landareen mugimenduak eta kolonizazioak ahalbidetzen dituzten korridore ekologikoak