Ibaien ubide eta bazterretan batera aritzeko URAren eta Udalen arteko Lankidetza Protokoloaren jarraipen-bilera egin dute

Erabiltzailearen aurpegia Udaltalde 21 2017ko mar. 15a, 14:03

Bileraren irudia. Argazkia: Udaltalde 21

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazi du jarraipen bilera egin dela 2015ko abenduan sinatu zen “Uraren Euskal Agentzia eta Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Orduña, Orozko, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberioko Udalen arteko Elkarlanean aritzeko Protokoloa, euren udalerrietan dauden jabego publiko hidraulikoko ibai-ibilgu eta ertzetan batera lan egiteko”-ren inguruan.

Martxoaren 9an (osteguna), Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabal Batzordearen bileran, URA Uraren Euskal Agentziaren eta eskualdeko udalen arduradunek 2016an egindako jardueren balantzea aztertu zuten. Zehazki, Ibaizabaleko Unitate Hidrologikoko ibai eta erreken ubideak eta bazterrak mantendu, kontserbatu, berreskuratu, leheneratu eta ingurumen aldetik hobetzeko lanak aztertu ziren.

Laburbilduz, 2016an, URAk 31 ekintza egin zituen eskualdean, 94.817,39 euroko kostu osoarekin. Ekintza-motaren arabera, espezie inbaditzaileak kontrolatu eta desagerrarazteko egindako 4 ekintzek hartu dute aurrekontuaren %34,43; atal hidraulikoa mantentzeko 6 lanek, berriz, %30,68; ustekabekoek (16 ekintza), %27,09; 3 landaketek, %6,22; eta, azkenik, bioingeniaritzako eta obretako 2 lanek aurrekontuaren %1,58 hartu dute.

Bileran, ibaiak mantentzeari buruzko azken legedian aurreikusitako eskumen-banaketa errepasatu zen; era berean, erakundeen arteko koordinazioa hobetu beharraren gaian ere sakondu zen.

Protokolo horren helburua da, Uraren Euskal Agentziak eta hamar udalek hartutako konpromisoaren baldintzak arautzea, Ekintza Plan bana adostu eta erakundeek udalerri bakoitzean dauden jabego publiko hidraulikoko ibai-ibilgu eta ertzetan egin beharreko lanetan eraginkorragoak izateko.

Protokolo honen esparruan jasotako lanek neurriak hartu beharko dituzte ibaiertzeko landaredian kalteak ekiditeko eta, orokorrean, ibai-ekosistemen biodibertsitatea babesteko. Hasiera batean bost urteko iraupena izango du eta luzatu ahal izango da elkarren arteko adostasunez. Mantentze-lanen bidez ibaien habitat fisikoa hobetu nahi da, funtsezko elementua baita ingurumenak berezkoa duen indarra berreskuratzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide