2017an antolatzen hasi ginen Aretan, Kutxabankek hemengo bulegoa ixtear baitzegoen eta jende asko alboratuta geratuko zen. Gure asmoa zen bankuak erabaki horretan atzera egitea eta horretarako bilera deitu genuen.
Jende asko haserre zegoela eta euren babesa genuela ikusi genuen eta Laudioko zuzendariarekin zein Gasteizko arduradunekin bildu ginen. Okondon egoera berean zeudenez, eurekin batu genituen indarrak eta Aretan zein Laudion elkarretaratzeak antolatu genituen. Aipatzekoa da udalen zein Aiarako Kuadrillaren babesa izan genuela.
Edonola ere, azkenean, Kutxabankek bi bulegoak itxi zituen eta bezero askok, utzikeria horren ondorioz, kontuak itxi zituzten, zigor moduan.
Orain ikusi dugu 5 bulegotik bakarrera pasa direla Laudion eta minutu gutxiko tramitea egiteko ordubetea behar duzula. Ez dakit Kutxabankek zer baloratzen duen bulegoak ixteko, baina jende guztia ez da ondo moldatzen kutxazainetan edo Internet bidezko zerbitzuan eta eurek trabak besterik ez dituzte jartzen.