COVID-19aren inguruan asko idatzi bada ere, iritzi testu honen helburua ez da birusaren jatorriaz hitz egitea edota egoeraren hausnarketa akritiko bat gauzatzea, burgesiaren ofentsiba politiko eta sozialaz hitz egitea baizik. Pandemia honen aitzakipean mundu mailako burgesiak eta horrekin batera Espainiar Estatuak hartutako neurriak zein hauen ondorioak klase borrokaren ikuspegitik aztertuko dira, ikuspegi proletarioaren aldarrikapen eta eginkizunak nabarmentzeko. Argi baitago, ofentsiba honen ondorio latzenak langilerian hezurmamitzen direla.
Bi aste dira etxean berrogeialdian daramatzagunak, etxetik irten ezinik. Denbora tarte honetan osasun zerbitzuak kolapsotik gertu ikusi ditugu, kaleak militarizatu dituzte, askatasun politiko eta sozialak debekatu dizkigute eta hau guztia onartzera derrigortu gaituzte diziplina eta erantzukizunaren izenean. Honek guztiak, jada krisian aurkitzen zen sistema kapitalistaren kontraesanak areagotu ditu, begi hutsez ikus daitezkeenak hauek ezkutatzen saiatzen diren arren. Birusak mundu mailako ekonomia egoera ezegonkorragoan utzi du, etor daitekeen atzeraldia aurreikusi ezinik. Gobernua urgentziaz erabaki politikoak hartzera derrigortua egon da, eta nola ez, kontraesanak lehertu dira. Sistema kapitalistaren oinarri den gainbalioaren erauzketa gauzatu gabe ezin zaizkio birusak eragiten dituen ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egin, sistema kapitalistak kapitala etengabe metatu behar duelako. Era berean, birusaren hedapena gelditzea ezinezkoa bihurtzen da milaka langile lanera joatera derrigortzen dituztenean. Beraz, argi geratzen da, proletalgoak sistema kapitalistan ez duela inongo eskubide zibil, sozial eta politikorik.Aiaraldean ere honen adibideak pairatu ditugu Eusko Jaurlaritzak enpresa ezberdinetako langileak lanera bueltatzera derrigortu dituenean.
Kapitalismoa ulertu ahal izateko bertan gauzatzen den bi klaseen arteko borroka presente izan behar da. Interes kontrajarriak talkan sartzeko ordea, beharrezkoa da bi klase hauek programa politiko sendoak izatea. Burgesia da sistema kapitalistan botere osoa metatzen duen klasea eta azken asteetan publiko egin ditu horren inplikazioak. Erabatekoa izan da bere aginte gaitasuna eta gainera, hau agerian utzi du salbuespen egoeran indargabetu dizkiguten askatasun guztiekin. Horien artean eskubide sozialak, lan arloko legediak eta abar aurkitzen dira. Hortaz gain, langileria desantolatua egotea ofentsiba honetarako berme garrantzitsua da. Burgesiak neurri horien guztien gauzapena aurkaritza gabe burutu ditu.
Langile klasearen interesak ezkerreko alderdi eta sindikatuak babesten “omen” dituzte, langileria bere interes propioak eskuratzeko desantolatua dagoen bitartean. Babesten omen dituztela esaten dut ordena sozial burges kapitalistarekiko agertzen duten subordinazioa eta jarrera paktistaren ondorioz, sen onaren pean batasun nazional kapitalista lehenesten baitute langileriaren alternatiba erreala gauzatu ez dadin ziurtatzeko. Balizko tentsio sozialeko uneetan, langileen izerdiaren kontura irabazitako pribilegioak arriskuan ikusten dituzte. Gestio ezberdin eta demokratikoago bat planteatzen duten arren, kapitalismoaren oinarriak gainditzeko gaitasun zein interes eza adierazten dute behin eta berriz; ondorioz, Estatu Burgesaren indartze bloke gisa jarduten dute (nahiz eta askok zintzoki horrela ikusten ez duten arren). Gobernu zentral, banku, multinazional, oligarkia eta abarren aurkako haserrea erakustera mugatzen dira, eurek Estatu-aparatuetan duten presentziak dakarren erantzukizuna albo batera utziz.
Krisialdi orok langileriaren proletarizazio prozesua dakar eta horregatik, klase ertainaren bizi baldintzetan atzerakada nabarmena ere gauzatuko da. Beraz, bloke politiko horrek helburu duen Estatu ereduaren (Ongizate Estatua) funtsak erasotuak izango dira eta bere proiektu politikoa posible egiteko zailtasun nabarmenak aurkituko dituzte. Klase ertainak langileria xumearekiko duen posizio pribilegiatua desagerrarazten joango da lehenengoaren gaitasun ekonomiko, sozial eta politiko handiagoak murrizten doazen heinean.
Guk ordea, proletarizio prozesu horrek dakarren egoeraren analisia burutu eta langileriaren independentzia politikoa eta proletalgoaren batasunaren garrantzia azpimarratu nahi ditugu. Burgesiaren botereari aurre egingo dion langileriaren botere politikoa eratzea izan behar da gure helburua: lantokietan, ikastetxeetan, unibertsitateetan, etxeetan edo kaleetan gauzatzen ari dena, programa proletarioa oinarri izanda Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko asmoarekin. Horren adibide da Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) martxan jarri duen kanpaina politikoa. Kanpainak koiunturaren analisi egokia egiten du salbuespen egoeraren klase izaera agerian utziz eta hurrengo lau puntuetan laburbiltzen da: 1) salbuespen neurri politikoak bertan behera utzi eta askatasun politikoak berrezartzea; 2) koronabirusaren kausen, dimentsioen eta eraginen egia ezagutaraztea; 3) langile independentziaz burgesiaren ofentsiba ekonomiko eta politikoa gelditzea; eta 4) osasun irizpide unibertsala lehenestea burgesiaren interes partikularraren gainetik. Hortaz gain, lan militantez aurrera ateratzen den Gedar Langile Kazetak burutzen duen lana, baita bertan kolaboratzen duten kideen irakurketen kalitatea goraipatu nahiko nituzke.
Arazo hau ez da birusa gelditzearekin amaitzen, aurretik ikusi ez dugun atzeraldiari ekonomokiko eta sozialari kontra egin beharko diogulako. Testuinguru berri baten aurrean aurkituko gara eta beraz, beharrezkoa izango da erabateko heldutasun politikoa erakustea, gaiak exigitzen duen analisi sakonei muzin ez egitea eta bat-bateko interes oportunista (elektoralista) zein erreformistei programa komunista kontrajartzea. Kritikoak gara arazoen oinarrira jo eta indar-dinamika errealen aurka egiten dugulako. Kasu honetan, Estatu Burgesak helburu duen diziplinamendu eta ofentsibaren aurrean altxatzen gara. Ez dugu bere antolamenduaren eta gestioaren parte izan nahi. Haustura ekonomikoa haustura politiko bihurtu nahi dugu, klase gabeko gizarte berri bat dugulako jomuga.
Burgesiaren ofentsiba gelditu!